AMUA musika film laburren jaialdiaren edizio berri bat egingo da Hondarribian. Azaroaren 13tik 15era proiekzioak, kontzertuak eta publiko mota guztiei zuzendutako hainbat jarduera egingo dira
AMUA jaialdiaren edizio berri bat Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumara iritsiko da aste honetan. Azaroaren 13tik 15era, film laburren proiekzioak, kontzertuak eta ikastoletako ikasleentzako jarduera pedagogikoak izango dira hirian, baita sorkuntza artistikoaren inguruko topaketak ere.
Ortzi Alonso Kultura zinegotziak gaur goizean nabarmendu duenez, AMUA “Hondarribiko udazkeneko kultur zutabeetako bat da, hazten ari den jaialdia, talentua erakartzen duena eta kultura publiko guztietara hurbiltzen duena, gazteenetatik hasi eta musikaz eta ikus-entzunezkoez gozatzen urteak daramatzatenetaraino”.
Hiru eguneko jaialdia
Jaialdiaren bosgarren edizioaren programa ostegun honetan, azaroak 13, hasiko da, film laburren lehen saioarekin, non aurten galegoz, euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz jasotako berrogei lanen artean hautatutako hamar lan proiektatuko diren. Pieza guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, euskarazko azpitituluekin.
Egun horretan bertan, Radio 3ko El Soto saioak hirugarren aldiz bisitatuko du Hondarribia, eta Juancar García Bloody Mary bandako kidea elkarrizketatuko du, taldearen 35. urteurrenarekin bat eginez. Jardunaldiari amaiera emateko, Bartzelonako The Excitements taldeak Hard Times diskoa aurkeztuko du.
Ostiralean, hilak 14, hasiko da AMUA Txiki, herriko ikastolei zuzendutako kontzertu pedagogikoa. EZEZEZ taldeak rock talde baten egunerokotasuna nolakoa den erakutsiko die 12 eta 13 urteko ikasleei, entseguetatik hasi eta konposizio eta talde laneraino. Arratsaldean film laburren bigarren saioa izango da, non epaimahaiaren eta publikoaren sarietarako hautagai diren lan finalistak proiektatuko diren. Ostean, EZEZEZ taldeak kontzertua eskainiko du.
Jarduera gehiago asteburuan
Larunbatean, hilak 15, biniloen azoka egingo da, egun osoan zehar zabalik egongo dena. Eguerdian Queen: Live in Wembley proiektatuko da, Bohemian Rhapsody argitalpenaren 50. urteurrena dela eta. Arratsaldean, EITB Bideoklip Lehiaketako bideoklip finalistak aurkeztuko dira. Aurten, hogei lan aurkeztu dira lehiaketa horretara, eta horietatik bederatzi finalista aukeratu dituzte, horietako bi herriko taldeenak. Ekitaldian hiru sari banatuko dira: publikoaren saria, epaimahaiaren saria eta EITBren BideoKlip saria.
Jaialdiaren amaiera gauean bertan iritsiko da Musikeroaren edizio berri batekin, aurreko urteetan Gorka Urbizu, El Drogas eta Izaro bezalako artistak izan dituen proposamenarekin. Oraingo honetan, Anari izango da protagonista, eta Joseina Etxeberriarekin batera bere ibilbide pertsonal eta artistikoa markatu duten abestiei buruz hitz egingo du.

