(Argazkia: Arriola Antzokia)
Egitaraua Iosu Izagirre Sextet taldearekin hasiko da ostiral honetan 20:00etan
Azaroan zehar Arriolako Jazz Blues Jaialdiaren 36. edizioa ospatuko da, eta berriz ere jazz eta blues doinuak izango dira protagonista Elorrioko eszenatoki kulturalean. Jaialditik urteetan zehar, izen handiko artistak igaro dira, eta aurten ere beste egitarau ezinhobea azaldu dute.
Jaialdia ostiral honetan hasiko da Iosu Izagirre Sexteten emanaldiarekin (20:00etan). Proiektuak jazz eta musika garaikidearen arteko zubiak eskaintzen ditu, freskotasun eta nortasun handiarekin.
Larunbatean, 22:00etan, Giles Robsonek Arriola Antzokiko agertokian joko du. Bluesaren munduko erreferentea da, bere harmonika indartsuagatik eta eszenaratze bizi eta erakargarriagatik ezaguna.
Azaroaren 22an, 22:00etan, Jimmy Reiter alemaniarrak bere azken lana taularatuko du bere taldearekin, blues klasikoa eta rhythm ‘n “blues garaikidea uztartzen dituen errepertorioa.
Azkenik, azaroaren 28an, 20:00etan, Satxa Soriazu Quarteten emanaldiarekin amaituko da jaialdia, jazz garaikidearen eta euskal musikaren arteko elkarrizketa bereziarekin. G.A.

