Igandean, hilak 9, Zirkozaurreren ikuskizunak irekiko du Iruñaldiaren edizio berria, euskarazko kultur sorkuntza aldarrikatzen duen programa
Zirkozaurre konpainiaren Harreman ikuskizunak emango dio hasiera Iruñaldiaren 2. edizioaren programazioari igande honetan, azaroak 9, arratsaldeko 18:00etan, Gayarre Antzokian. Sarrerak txarteldegian eta webgunean daude eskuragarri, 15 euroren eta, 30 urtetik beherakoen kasuan, 10 euroren artean.
Iruñeko Udalak eta Loraldiak antolatu dute jaialdia, eta euskaraz sortutako kultura garaikidearen erakusgarri zabala izango da. Azaroaren 15era arte iraungo du, Nafarroako hiriburuko hainbat gunetan.
Emozioak, umorea eta konplizitateak
Muntaia ibilbide eszeniko bat da, non zirkuko teknikak euskal folklorearekin eta tradizioarekin besarkatzeko berrasmatzen diren, eta, eszenatoki gainean, emozioak, umorea eta konplizitateak nahasten dituen proposamen berezi bat. Malabareen zenbakiak -pilotak, mazoak eta argi mazoak- koreografiekin, sinkroniekin eta zuzeneko soinu banda batekin konbinatzen dira, non gitarra, bateria edo instrumentu autoktonoagoekin batera erabiltzen diren, hala nola trikitixa, txistua, txirula, albokotea eta panderoa.
Sorkuntza kolektiboko 50 minutu inguruko pieza da, Jorge Silvestre eta Gorka Pereiraren zuzendaritzarekin, Mar Garciaren koreografiekin eta Gotxon Goirigolzarriren musikarekin.
Diziplina anitzeko zazpi artista arituko dira obra antzezten: Gorka Pereira (malabareak), Imanol Suso (malabareak, euskal dantzariak), Javier González (malabareak), Mar García (malabareak, dantza garaikidea, euskal dantzak), Gotzon Goirigolzarri (trikitixa, txirula, gitarra), Ivan Allue “Txistuman”(txistua, alboka albokatea) eta Diego Riveros (perkusioak).

