Hibai Agorria, argazkilaria: “Kubara eta Mexikora egindako bidaiek asko markatu ninduten”

HIBAI AGORRIA MUNITIS, 1983AN BILBON JAIOA. ARGAZKILARIA ETA BIDEO-SORTZAILEA ORAIN DELA 25 URTETIK. MOMENTU HONETAN KOMUNIKAZIO-ARDURADUN DABIL LANEAN ESKOLA PUBLIKOAN, ETA ALDIZKARIETAKO LANAREKIN ETA PUBLIZITATEAREKIN UZTARTZEN DU BERE EGITEKOA

L.S. //
1. Nola hasi zinen argazkigintzan, eta zer bultzadak eraman zintuen kamera hartzera?

Etxean beti izan dugu argazki-bilduma ugari, eta txikitatik izan dut haiei begiratzeko irrika. Irudi zaharrak eta berriak, denak nahasten ziren egongelako apaletan zeuden liburu, kutxa eta negatiboetan.
Aitonak argazkiak egiten zituen 60ko hamarkadan, eta amak eta osabak, haren bideari jarraituz, argazkilaritzarenganako gustua hartu zuten. Etxean aurkitzen nituen argazkiek bazuten bidaia-tzera eramaten ninduen zerbait, haien bizitzak nolakoak ziren imajinatzera, eta pixkanaka niri ere irrika piztu zitzaidan.

Hasieran amak lagunduta ikasi nuen karreteak aldatzen, gero kamerak uzten hasi zi-tzaidan eskolako irteeretarako. Horrela hasi nintzen, ikasgelako erreportari. 14 bat urte nituela lehen kamera oparitu zidaten gurasoek, eta ordutik ez naiz gelditu.

2. Zer toki edo gertakari izan da zuretzat garrantzitsuena kameraren atzean bizi izan duzunetik?

Ez dut gogoratzen gertakari bat konkretuki garrantzitsuena izan zenik, baina toki batzuek, adibidez, Kubara eta Mexikora egindako bidaiek, asko markatu ninduten, baita Italia guztia trenez zeharkatu nuenekoak ere.

3. Nola uztartzen dituzu kazetaritza, artea eta aktibismoa?

Kazetari ibili behar naizenean sufritzen dut gehien, makroekitaldiak, manifestazioak eta hiriburuetako erritmo frenetikoa ez dira niretzat eginak. Horregatik, nahiago dut beti artearekin zerikusia duen proiekturen batean aritzea, baina, denoi gertatzen zaigun bezala, hozkailua bete behar da, eta ezin zaio mundu honetan ezetz esan lan bati ere. Beraz, kazetaritza, publizitatea eta komunikazioa uztatzen ditut jateko, eta artea, berriz, lasaitzeko.

Aktibismoa olatuak bezalakoa da nirean, batzuetan goian eta beste batzuetan behean.

4. Zure lanetan, askotan, gatazka eta gizarte-mugimenduak ageri dira. Zergatik aukeratu duzu begirada hori?

Gatazka gutxi atera dut nire bizitzan; gehiago izan dira bidaiak, egia esan. Gizarte-mugimenduekin, aldiz, bai, beti nire kamerarekin laguntzeko prest.

5. Zer arrisku edo zailtasun aurkitu dituzu lanean, batez ere gatazka-testuinguruetan?

Zailtasunik handiena niretzat beti izan da beldurra, Europan sartu diguten beldurra beste herrialde batzuekiko: zerbait gertatuko zaizu, lapurtu egingo dizute… Beldur hori burutik kendu, kamera atera eta argazkiak egiten hastea da niretzat zailena. Konplexu eta aurreiritziz beteriko gizakiak gara, eta hori albo batera utzi eta ahaztean disfrutatzen dut gehien, hor hasten da magia. Gero eta errazagoa da urteek ematen dizuten esperientziarekin.

Hibai Agorria: “Izan dudan zailtasunik handiena beldurra izan da beti”

6. Nola ikusten duzu argazkilaritzaren indarra memoria historikoa eta justizia soziala lantzeko?

Gustuko dut memoria lantzea kamerarekin, berez argazkiak memoria baitira, gertatu den zerbaiten isla. Egin izan ditut lanak horren inguruan, batez ere Gernikan, nola ez? Memoria, hemen, pil-pilean dago, baina, egia esan, aspaldi honetan ez dut gai hori jorratu.

Ostera, egiten dudana eta oso didaktikoa dena zera da, Lobak, Gernikatik Mundura eta halako elkarteekin, eskoletatik memoria-lanketa, argazkien bidez.

Nire herriko artxibo zaharrak eramaten ditut eskoletara, eta han aztertzen ditut ikasleekin; horrek barne hartzen ditu memoria-lanketa eta transmisioa.

7. Zure ustez, zer konta dezake argazki batek, hitzek ezin dutena adierazi?

Esango nuke argazkiek badutela testura bat eta inpaktu zuzen bat ikuslearengan, uki daitekeen zerbait ia. Zuzenago ailegatzen dela esango nuke, azkarrago.

8. Zein argazkilari edo artista izan dira zure erreferente nagusiak?

Oso gustuko dut Alex Webb, beti izan da nire argazkilari fetitxea, Silvio Rodríguez bezala musikan.

9. Gernikako seme izanik, nola eta zergatik eragiten du zure herriak zure begiradan eta obran gaur egun?

Nekatu nintzen Gernika bonbardatua izan den leku bati bezala begiratzeaz, gai horrekin lotuta zeuden proiektu batzuk egin nituen eta denbora batez ez dut gai hori jorratu nahi, etorriko da momentua berriz. Nire amonak bonbardaketa bizi izan zuen eta beti izango da barrutik hunkitzen nauen zerbait, baina uste dut herri hau ezin dela atzera begira bizi, eta etorkizunean ditut jarrita begiak.

10. Zer proiektu berri edo ideia daukazu etorkizunera begira?

Batez ere bidaia batzuk ditut buruan: Maroko, Turkia, Kolonbia, Guatemala, Argentina, kar-kar-kar… Hori gustatuko litzaidake, baina ikusiko dugu zer datorren. Proiektu pare bat dut eskuartean Gernikako museo bitan aurkezteko, baina ez dira nire argazkiekin egindako proiektuak. Aurkikuntza bi egin ditut azken urteetan, eta horiek aurkeztea izango da erronka. Gernikan agertu diren argazki-artxibo batzuekin erakusketa bat prestatzen nabil.

11. Zer aholku emango zenioke errealitatea kamerarekin dokumentatu nahi duen gazte bati?

Ba, aholku hau emango nioke seguruenik: bere begirada islatu behar duela esango nioke, eta ez postaletako argazki mutu horiek bezala, bere per-tsonalitatea agerian geratu behar dela argazkietan, eta, horretarako, bakarrik egoten ikasi behar duela.