Muralak, proiekzioak eta antzerkiak emakumeen alde

Helburua emakumeek arlo guztietan pairatzen duten desberdintasuna salatzea izango da, eta Andoainen egingo da

Andoaingo Udalak, hainbat talderekin lankidetzan, azaroaren 25aren harira antolatutako ekimen programa zabala aurkeztu du, emakumeenganako indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazioa eta aldarrikapena ardatz hartuta.

Hilabete honetako helburua, beste behin ere, emakumeek egunerokoan eta bizitzako esparru guztietan jasaten duten egiturazko desberdintasuna salatzea izango da. “Arazoa egiturazkoa den heinean, soluzioak ere integrala izan behar du”, adierazi dute Udalak. Horregatik, ezinbestekoa da berdintasun politikak garatzen eta sendotzen jarraitzea, arazoari errotik aurre egiteko.

Egingo diren jardueren artean, honako hauek programatuta daude:

  • Azaroaren 11 eta 18an: Querer telesailaren proiekzioa Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan, 18:00etan. Ondoren solasaldia izango da. Hizkuntza: gaztelania.
  • Azaroak 22: Mural margoketa ludotekan 16:00etan eta txapa tailerra Gazte Lokalean 17:30ean.
  • Azaroaren 25ean: txapa tailerra ludotekan, 17:00etan. Andoaingo Udalak bat egingo du egun horretan mugimendu feministak antolatutako ekimenarekin.
  • Azaroak 28: Txalo Produkzioak taldearen Amak antzerkia Bastero Kulturgunean, 19:30ean. Hizkuntza: euskara.

Gizartearen konpromisoa

Ildo horretan, Andoaingo Udalak neurri horien aldeko aldarrikapenarekin jarraituko du. Hala ere, hori nahikoa ez dela jabetuta: politika publikoek oinarria jar dezaketen arren, gizartearen erantzun sendoa behar da, haien babesik gabe politika hauek ez baitira urrutira iristen.

Beraz, herritarrei dei egiten zaie antolatutako programan parte hartzera, kontzientzia hartuz eta berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako ekintzekin erantzunez.