Santa Teresa komentuan egingo diren hiru saioekin, ekimenak atzerritarrak bertako kulturan integratu nahi ditu
“Sustraiak eta ahotsak. Raices conectadas” Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimenak migratzaileen komunitateek beren bizitza kulturalean aktiboki parte har dezaten gune bat sortzea du helburu.
Foru Aldundiko Kultura Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, proiektua hiru saiotan gauzatuko da, “kultura adierazpenen, identitateen eta bizi esperientzien arteko topaketa sustatzeko” eta “lurraldean bizi diren eta bertako parte aktibo diren pertsonen eta komunitateen ahotsak entzun, ikusarazi eta horiei lekua emateko”.
Saio guztiak Santa Teresa Komentuko ekitaldi-aretoan egingo dira, dinamika bikoitz batekin: lehenengo zatian nortasunari eta bizi-esperientziei buruzko eztabaida eta hausnarketa egingo da, eta bigarrenean, berriz, kultura-adierazpenak.
Saioak
Lehen saioa urriaren 28an izango da, Ester Castiñeira eta Maikel Rodriguezen arteko elkarrizketa batekin. Amaitzeko, Son talde kubatarraren kontzertu labur bat izango da, Rodríguez berak (perkusioa), Alejandro Martínez Chávez (tronpeta), Susana Alonso Martínez (ahotsa) eta Yamel Romero Soto (pianoa) musikariek osatua.
Bigarrena, azaroaren 12rako aurreikusita dagoena, Booloo Senegaleko erakundeak egingo du (taldea egin, senegaldarrez), eta hirugarrena abenduaren 9an egingo da, Ecocrea kolonbiar elkartearen eskutik.
Integrazio-ekimena
Kulturako diputatu Goizane Álvarezek esan du proiektu honek ez duela ekimen iragankorra izan nahi, parte hartzen duten pertsonek eta kolektiboek saio zehatz batean beren esperientzia partekatzeaz gain, Gipuzkoako kulturaren panoraman parte har dezaten nahi baitu, beren sorkuntza- eta gizarte-sarean integratuz.

