‘K+: Zientziak eta Humanitateak COVID-19 osteko begirada multidiziplinarretik’ liburua argitaratu du UEUk

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) ‘K+: Zientziak eta Humanitateak COVID-19 osteko begirada multidiziplinarretik’ liburua plazaratu du. Xabier Landabidearen gidaritzapean, egungo egoerari begiratzeko diziplinarteko 13 begirada biltzen dira bertan.

“Liburu honetan jasotzen diren begiradek erakusten digutena da sindemia ere deitzen hasi gatzaion gertakari global honek giza existentziaren aspektu gehienak ukituko dituela”, azaldu du Landabideak.

UEUtik jakinarazi dutenez, hastapeneko begirada eta hausnarketa bat eskaini nahi da liburuarekin, jakintza arlo ezberdinetan koronabirusak ekar dezakeen puntu eta aparteari buruzko gako batzuk ematen hasteko.

Liburuak bildutako ekarpenak bederatzi jakintza edo jarduera eremu desberdinetakoak dira: Kimika, Arte Plastikoak, Ekonomia, Hezkuntza, Artearen Historia, Psikologia, Arkitektura, Sexologia eta Hizkuntza.

“Poltsikorako erabilera anitzeko betaurreko sorta bezala ere pentsa daiteke liburua. Gertatu zaigunaren eta gertatzen ari zaigunaren inguruan hausnartzeko 13 begirada proposatzen dituen betaurreko sorta, aldean eramateko modukoa. Irakurri eta ibili, pentsatu eta egiteko liburua”, adierazi dute.

UEUren eta Errenteriako Udalaren (Gipuzkoa) arteko lankidetza hitzarmenaren emaitzetako bat da argitalpena. Humanitate Digitalen Gunea sortzeko indarrak batu dituzte bi erakundeek, akademia, eraldaketa eta administrazio mailan lanean ari diren eragileen elkarlanerako erreferentziazko gune bat sortzeko.