Datorren larunbatean, urriaren 25ean, egingo da Mendizorrotza kiroldegian eta Espainiako boxeolari onenek hartuko dute parte
Gasteiz Espainiako emakumezkoen boxeoaren erdigunea izango da datorren larunbatean, urriaren 25ean, Iberdrola Koparen hamazazpigarren edizioarekin. Ekitaldiak herrialdeko boxeolaririk onenak bilduko ditu, eta lehen mailako ikuskizuna eskainiko dute zortzi pisu-kategoriatan banatutako borrokaldiekin. Espainiako Boxeo Federazioak antolatu du txapelketa, eta Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntza du.
Ana López de Uralde, Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetza arloko zinegotziak nabarmendu duenez, “Udala osatzen dugunok harro gaude txapelketa hau Gasteizen izango dugulako. Izan ere, berdintasuna, emakumeen talentuaren ikusgarritasuna eta modalitate guztietan kirola sustatzea bezalako oinarrizko balioak irudikatzen ditu”. Espainiako eliteko emakumezko boxeolariei lehia-jarduera handiagoa eskaintzeko asmoz sortu zen Iberdrola Kopa, etorkizuneko nazioko eta nazioarteko txapelketetarako esperientzia pilatzeko aukera eskainiz.
Txapelketa 17:00etatik aurrera hasiko da
Txapelketa 17:00etatik aurrera hasiko da, eta 20:00etan amaitu. Txanda bakarrerako kanporaketak izango dira, eta ranking nazionaleko kirolari onenetako batzuk izango dira aurrez aurre, horietako asko Espainiako Txapelketetan txapeldunak eta domina eskuratu izan dutenak. Goizean, Open ekitaldia egingo da Mendizorrotzako kiroldegian eta Arabako Boxeo Eskolako kirolariek hartuko dute parte bertan.

