Ikasleei zuzendutako ‘Oroimen Historikoaren Ibilbidea’ berriro abiatuko dute Donostian, martxoan

Donostiako Udalak hiriaren memoria historikoa ezagutzeko ‘Oroimen Historikoaren Ibilbideak’ egitasmoari ekingo die berriro martxoan. DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikasleentzat diseinatuta dago ibilbidea, eta ikasgelan gaia lantzeko unitate didaktiko bat barne hartzen du.

Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Eskubide Zibilen zinegotziak azaldu duenez, “bisita gidatuak dira, ikasleek Donostiako historiaren zati bat ezagutu dezaten. Aire zabaleko ibilbideak dira, eta 1936ko estatu kolpearekin eta ondorengo diktadura frankistarekin lotutako leku esanguratsuak bisitatzen dira”.

Ibilbidea martxoaren 1etik maiatzaren 31ra egin daiteke, astelehenetik ostiralera. Bisita gidatuak ordua eta erdi inguru irauten du, doakoa da, unitate didaktikoa bezala, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin daiteke.

Bisitak egiten diren unean Eusko Jaurlaritzaren araudian indarrean dauden segurtasun neurri guztiak errespetatuko dira, hala nola maskararen erabilera, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea, bisitan erabilitako materiala aldez aurretik eta ondoren desinfektatzea, eta hezitzailearen eta ikasle taldearen arteko segurtasun distantziak. Bisitak taldean egiteko aukera dago, eskola taldeak burbuila multzotzat hartzen baitira, eta horri esker baimenduak daude.

Edozein kontsulta egiteko edo programari buruzko informazio gehiago jasotzeko, 943 456 000 eta 678 204 635 telefonoetara dei edo Info@komazk.com posta elektronikora idatzi daiteke