Japonia, Butan, Belgika, Danimarka eta Estatu Batuetako artistak izango dira urriaren 17rako eta 18rako egitarauan
Duela 9 urtetik, eta asteburu batez, Kaiola Festibalak arte esperimentalen epizentroa bihurtu du Galdakao, musika ardatz hartuta eta proposamen kultural eta artistiko berriekin. Edizio honetan, ekitaldia urriaren 17an eta 18an egingo da, Torrezabal Kultur Etxean eta Gandasegiko arkupeetan egingo diren emanaldiekin.
Azken agertoki hori da aurtengo programazioaren berrikuntza, eta, Edurne Espilla Kultura zinegotziaren hitzetan, helburua da “esperientzia galdakoztar guztiei hurbiltzea”. Hala, urriaren 17an, ostirala, 18:00etan, Rie Nakajima & Pierre Berthet taldeak inprobisazioan oinarritutako emanaldi bat eskainiko du, kalean bertan eta doan, eta bigarren bizitza bat emango diete material pentsaezinei eta soinu paregabeak sortuko dituzte.
Larunbatean Torrezabalen
Torrezabalen oholtzatik, hilaren 18an, larunbata, dozena erdi bat artista igaroko dira: Irreversible Entanglements, egungo jazzeko talde garrantzitsuenetako bat; Ben LaMar Gay konpositore, multiinstrumentista, abeslari eta poeta; Japonian kokatutako soinu artista eta konpositorea, Fuj | | | | | | | | | | | ta izena hartzen duena; Tashi Dorji, Butanen jaiotako artista, nahiz eta Carolina del Norten bizi den, gitarran sakonki erabiltzen duen lengoaia pertsonalarekin; Maria Bertel tronboi jotzaile, inprobisatzaile eta konpositore daniarra; eta Garazi Navas akordeoi jotzailea, Usansolokoa.
Sarrerak salgai daude dagoeneko leihatilan eta Udalaren webgunean 15 euroren truke.

