Letamendia, Etxarren, Ibisate, Andiazabal eta Torrealdai omendu ditu Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak urtarrileko lehen ageriko bilkura baliatu du azken bi urteetan hildako bost euskaltzainei gorazarre egiteko. Horrela, iaz zendutako Jean-Baptiste Etxarren, Angel Ibisate, Pierre Andiazabal eta Joan Mari Torrealdai omendu ditu ostiral honetan Akademiak Donostiako Tabakaleran, baita 2019ko abenduan zendu zen Juan Antonio Letamendia ere.

Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua izan dira mahaiburu ekitaldi hunkigarrian. Hildakoen senideak ere bertan izan dira.

Andres Urrutiak zendutako euskaltzainek euskara eta euskal kulturarekiko erakutsi zuten “konpromiso irmoa” azpimarratu du, eta euskara eta euskal kultura sustatzeko guztiek egin zuten ahalegin “izugarria” goraipatu du.

Jose Antonio Mujika euskaltzain urgazleak irakurri du Juan Antonio Letamendia euskaltzain urgazle donostiarraren hilberri txostena. Haren ibilbide osoa berrikusi du, baina bere proRla labur zehaztu du hitzaldiaren hasieran: “Gaztetan euskaldunduta, emaitza bikainak eskaini zituen euskalgintzan: idazle hasieran; irakasle gero, metodogile trebe; itzultzaile eta ikertzaile ere izan zen neurri batean; eta euskarazko komikigintzan ere ale bikainak eskaini zituen”.

Ondoren, Jean-Baptiste Dirassar ohorezko euskaltzainak idatzitako testua irakurri da ekitaldian. Bertan, Jean-Baptiste Etxarren euskaltzain urgazle donazaharrearen izena eta izana gogoratu dira hilberri txostenean: “Euskal ondarea maite zuen, idazle Rna zen, euskaraz ala frantsesez berdin trebe, gazteleraz ere bai. Euskal Herria zuen maite, eta bereziki Nafarroa. Mugaren bi aldetan txoko gehienak ezagutzen zituen”.

Halaber, Elena Martinez de Madina euskaltzain urgazleak Angel Ibisate euskaltzain urgazle gasteiztarraren bizitzako pasadizoak irakurri ditu Tabakaleran. Esan du “gasteiztar petoa” zela, eta “trebetasun eta adimen handiko gizona”. Arabako AEKren sortzaileetarikoa izan zen Ibisate, eta urte askotan Gasteizko Elizbarrutiaren Seminarioko bibliotekari izan zen.

Xipri Arbelbide ohorezko euskaltzainari egokitu zaio Pierre Andiazabal apaiz eta itzultzaile urruñarraren biograRa aletzea. Arbelbidek adierazi du garrantzi handia izan zuela meza euskaraz ematearen aldeko mugimenduan: “Euskarazko liturgiaren aita izan zen”. Horrela, 3.000 orrialdetik gora itzuli zituen, ‘Othoizlari’ aldizkarian publikatu zirela gehienak.

Joan Mari Torrealdai

Azkenik, Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak Joan Mari Torrealdai euskaltzain emeritu foruarraren ibilbidea izan du gogoan. Gauza guztien gainetik, Torrealdai “euskal kulturaren gidaria eta behatzailea” izan dela esan du Agirrebaltzategik. Kazetaria, idazlea, irakaslea, ikertzailea, kultur sustatzailea eta zenbait aldizkariren zuzendari (Gure Izarra, Anaitasuna, Jakin) eta kudeatzaile (Euskaldunon Egunkaria, Jakin) izan zela gogoratu du.

Produkzio izugarria utzi zuen, langile aparta zenez. “Liburuak eta artikuluak zabal eta ugari: 24 liburu, 47 lankidetza, 517 artikulu, hiru itzulpen lan, bi edizio lan. 13.614 orrialde denetara”, zehaztu du bere hitzaldian ohorezko euskaltzainak.