Romeo & Julieta “modernizatua” BBK Aretoan

Kultur gunearen ekoizpena asteburu honetan taularatuko da gaztelaniazko bertsioan

Bilboko BBK Aretoak asteburu honetan estreinatuko du bere ekoizpen propioaren gaztelaniazko bertsioa. Kale Nagusiko espazioak altxatzen duen bederatzigarren muntaia da, 2021ean ekoizpen eszenikoan bere lana hasi zuenetik. Oraingoan, Romeo & Julieta La Dramática Errante konpainia bilbotarrarekin batera sortu da, eta joan den asteburuan estreinatu zen euskarazko bertsioan. Bihar, ostirala, gaztelaniazko lehen emanaldia zentzumen-desgaitasuna duten pertsonentzat izango da eskuragarri (azpititulu egokitua, audiodeskribapena, soinu anplifikatua eta begizta magnetikoa izango ditu).

Sarrerak salabbk.bbk.eus webgunean edo BBK Aretoko leihatilan eros daitezke, 12 euroren truke.

Maitasuna orain

Obra William Shakespeareren “Romeo y Julieta” klasikoaren berrikuspen garaikidea da, María Goiricelaya bilbotarrak egokitu eta zuzendua. “Literatura unibertsaleko erromantze ospetsuenetik abiatuta, guk maitasunari buruz ere hausnartu nahi dugu, baina gaur egun: arintasun emozionaleko, sare sozialetako eta lotura askotariko garaietan: Zer da maitasunaren kontu hori orain? Nola adierazten eta bizitzen dugu maitasuna? Nola hiltzen da? Inertziak haustea, aurreiritziak desmuntatzea eta desioa eta gure harremanak modu argiago eta helduagoan bizitzea eskatzen duen garai batean gaudela jakinda, emanaldiarekin maitasun esklusiboa, bitarra, tragikoa eta, azken batean, mugatzailea zalantzan jarri nahi izan dugu, gaur egun den bezala besarkatzeko: likidoa, anitza, kontraesankorra, disidentea… ”, ziurtatu du antzerkigileak.

Aitor Borobia, Egoitz Sánchez, Nagore González, Luix Mitxelena eta Ane Pikazak aurkeztuko dute; azken hau La Dramática Erranteren koproduktore exekutiboa eta sortzaileetako bat da Goiricelayarekin batera.