Ia zazpiehun korrikalari Zumaiako Flysch Trailen

Probak 684 korrikalari izango ditu; irteera luzea 09:30ean izango da eta motza 10:00etan

Zumaia Flysch Trail mendi lasterketak 16. edizioa ospatuko du igande honetan. Ekitaldia joan den astean aurkeztu zen Santa Klara baserrian, udal ordezkariak, antolatzaileak, babesleak eta korrikalariak bertan zirela. Aurtengo edizioan, 225 boluntariok parte hartuko dute, eta udaleko Kirol zinegotziak eskerrak eman dizkie euren inplikazioagatik.

24 km, luzea ; 14 km laburra

Lasterketak, aurreko urteetan bezala, bi distantzia izango ditu: 24 kilometroko ibilbide luzea eta 14 kilometroko beste bat. 9:30ean eta 10:00etan hasiko dira, hurrenez hurren, Eusebio Gurrutxaga plazatik. 14 eta 17 urte bitarteko korrikalariak ere lehiatuko dira proba laburrean.

Ibilbidea 2024arekin alderatuta aldaketarik gabe mantentzen da, eta Karlos del Pilar korrikalari eta boluntario zumaiarrak azaldu zuenez, iazko edizioan egindako aldaketa, Santa Klaratik igotzeko eta jaisteko tarte bat barne hartzen duena, ondo hartu zuten parte hartzaileek. “Itsasoaren ondoan korrika egiteak erakargarritasun berezia du, eta, horregatik, trazadura horri eustea erabaki dugu”.

Emakumeen parte-hartzea: % 30

Guztira, 684 korrikalarik hartuko dute parte igandeko ekitaldian; 394k luzean, 271ek motzean eta 19k gazteen proban. Izena emateko epea maiatzean amaitu zen.

Emakumeen parte-hartzea % 30ekoa da, 208 emakumek eman baitute izena. Maite Egaña Berdintasun zinegotziak adierazi zuen kopurua egonkortu egin dela aurreko edizioetan izandako igoeraren ondoren. Lasterketa motzean, emakumeak dira izena eman dutenen ia erdiak ( % 46), eta gazteetan, sei neska lehiatuko dira proban, iazko bakar baten aldean.

Running Minds

Lasterketaren bezperan, larunbatean, Running Minds ekimena egingo da, Kilian Jornet Fundazioarekin batera. Programak ingurumen kontzientzia sustatu nahi du, eta zortzi kilometroko ibilbidea egingo du, esplikazio geldialdiekin, kostalde eta ingurumen kudeaketako espezialisten eskutik. 09:00etan hasiko da, Zelai Talasoterapia hotelean, eta www.labur.eus/runningminds helbidean eman behar da izena.