Argazkia: Unai Demi

Errusiar eta gipuzkoar hardcoreak bat egingo dute

/(Argazkia: Unai Demi)/

Urretxu eta Zumarragako Brumadensa taldeak Moscow Death Brigade (MDB) talde errusiarrarekin joko du urriaren 21ean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

Kontzertua 20:00etan hasiko da. Sarrerak salgai daude www.jimmyjazzgasteiz.com webgunean, 18 eurotan. Kontzertuaren egunean 22 euro balioko dute.

Moscow Death Brigade

MDB techno/rap/punk talde errusiar bat da: musika elektronikoaren, hardcore punkaren eta raparen nahasketa original eta oldarkorra, grafiti eta kaleko kulturaz blaitua, gerraren, arrazismoaren eta beste diskriminazio moten aurkako mezuarekin. Gizarte mugimendu aurrerakoietan eta grafitiaren underground eszenan ditu sustraiak.

15 urteko ibilbidean gora egin dute, eta nazioarteko birako banda bihurtu dira. MDB ezaguna da ongintzako ekintzengatik (dirua biltzen du eta mundu osoko kausa aurrerakoien aldeko kontzientzia sortzen du), soinu oldarkorragatik, rap estilo indartsuagatik, dekorazio aldakorrekin eszenaratzeagatik eta maskota ikonikoagatik. Bandaren antzeko txandal batekin jantzita dagoen krokodilo antropomorfikoa da. Eszenatokiaren gainean, txandal eta eskuoihalez jantzitako hiru kidez osatuta dago taldea, askotan bere krokodilo ospetsuak lagunduta.

Brumadensa

Urretxu eta Zumarragako Brumadensa taldeari dagokionez, 2017ko amaieran sei lagunek osatu zuten. Sei kide horietatik, bi geratzen dira: Alex Bravo eta Ibon Dominguez. Haiekin batera, Aitor Carrascok eta Moises Gorjonek jotzen dute. Dominguez abeslaria da, Gorjonek baxua jotzen du, Carrascok bateria eta Bravok gitarra.

Hardcore metala jotzen dute. “Lehen diskotik bigarrenera aldaketa handia egon zen. Lehenengo diskoan bi abeslari ginen, rap eta metala nahasten genituen eta Dj bat genuen. Bigarren diskorako lau besterik ez ginen eta lauroi hardcore metala gustatzen zitzaigun. Ordutik, hori da gure musika ”, azaldu du Dominguezek.

Lehen diskoa pandemia garaian argitaratu zuten eta Labeaga aretoan aurkeztu behar izan zuten. “Ikusleek eserita egon behar izan zuten, eta nahiko frustragarria izan zen, gure musika ez baita eserita entzuteko. Azken diskoa 2023an argitaratu genuen. Aitor eta Moises iaz sartu ziren. Bere lehen lana taldearen kantuak ikastea izan zen, eta orain bere egiten ari da. Horretarako, onena bakoitzak bere ekarpenak egitea da. Bizpahiru abesti berri ditugu dagoeneko, eta datorren urteko martxorako lauzpabost abesti biltzen dituen disko bat argitaratzea espero dugu ”.