Korrikak bukatu behar zuen egunean ekitaldiak egingo ditu AEK-k

Korrikarik ez da izango da 2021. urtean, baina AEK-k ostegun honetan jakinarazi du euskararen aldeko ekimen jendetsuak bukatu behar zuen egunean, hau da, martxoaren 28an, ekitaldi xumeak antolatuko dituela Euskal Herriko hainbat tokitan, unean uneko osasun neurrietara zeharo egokituak, helduen euskalduntze eta alfabetatzearen garrantzia aldarrikatzeko.

AEKtik gogorarazi dutenez, egunotan 55 urte bete dira Rikardo Arregik beste euskaltzain batzuren babesarekin gerora AEK bilakatuko zen ekimena abiatzeko eskaria igorri ziela Euskaltzaindiko kideei, alegia, “helduen alfabetatze eta euskalduntzearen premia lehendabizikoz azaldu zienetik”.

Bada, 55 urte geroago, AEK-k berretsi egin nahi du egun ere helduen euskalduntze eta alfabetatzeak “berebiziko garrantzia” duela, “inoiz Euskal Herria euskalduna izan dadin erdietsiko badugu”.

Gertaera hura gogoan, eta Korrikarik egin ezin izango den urte honetan, ekitaldi xumeak antolatuko ditu AEK-k Euskal Herriko hainbat tokitan, helduen euskalduntze eta alfabetatzearen garrantzia aldarrikatzeko. Korrikak amaitu behar zuen egun berean izango dira, hots, martxoaren 28an.

Azkenik, AEK-k dei egin die euskaltzale guztioi egun hori “agendetan gorde” dezaten, eta iragarri du aurrerago zehaztuko dituela ekimenaren nondik norakoak.