Iraila bukaera eta abendua bitartean, berrogeita hamar bat jarduera izango dira lau barrutietan
Pasaiako Udalak udazkenerako kultur programa anitza aurkeztu du, irailetik abendura bitartean. Berrogeita hamar jarduera inguru antolatuko dira Pasaiako lau barrutietan: kontzertuak, ipuin kontalariak, dantza emanaldiak, Zinema Txikia eta erakusketak. Egitaraua larunbat honetan hasiko da Donibanen, Hostoak Musika Elkartearen eskutik Orbela ehuntzen izeneko kontzertuarekin.
Urrian jardueraz josita egongo da, Zinema Txikiaren denboraldi berria estreinatuko baita.Urriaren 4an Urtz taldearen doako kontzertua izango da lonja plazan. Ia 40 urte bete dituen eta Pasaian sustraituta dagoen taldeak bere abesti ezagunenak joko ditu. Halaber, Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldien edizio berri batez gozatu ahal izango da urriaren 17tik 26ra. Antzerki emanaldiak euskaraz, gaztelaniaz eta mutu izango dira.
Ondartxo eta Illunbe musika elkarteen kontzertuak eta Pimu ausarta liburuko ipuin kontalariak ere antolatu dira lau barrutietan.
Azaroan; ipuinak, laburmetraiak, musika eta dantza
Azaroan itzuliko dira Pasaiako Kontu Kantari musika solasaldiak; oraingoan, publikoak Sara Mansilla artista gipuzkoarra gertutik ezagutzeko aukera izango du. Baita ere, azaroaren 14tik 22ra ospatuko da Ikuskaren 27. edizioa, non pasaitarrek film labur bikainak ikusi ahal izango dituzten.
Santa Zezilia eguna ere ospatuko da. Horretarako, hainbat musika emanaldi eta kontzertu antolatu dira Donibanen eta San Pedron azaroaren 22an.
Dantzak ere protagonismo handia izango du hilabete horretan, azaroaren 6an poesia eta dantza uztartzen dituen Ana Mendiolaren Danza del corazón emanaldia antolatu baita. Gainera, hilaren amaieran Haatik dantza taldearen OTS obra ere taularatuko da.
Sarrerak
Udaletik adierazi dutenez, emanaldietako asko doakoak diren arren, ordainpeko emanaldietarako sarrerak salgai daude jada Bibe.me. plataforman.
Era berean, jardueren xehetasunak udal webguneko AGENDA atalean kontsulta daitezke. Gainera, udal sareetan emanaldien argazkiak eta bideoak argitaratuko dira, eta herriko pantailetan argitaratzen den asteko agendan ere irakur daitezke.

