Urteko azken Merka2dasoa Irunen

Bigarren eskuko azoka urriaren 11n egingo da, Zabalgune plazan, 10:00etatik 14:00etara

Txingudiko Zerbitzuek antolatuta, bigarren eskuko merkatuak urriaren 11n egingo du urteko azken hitzordua, Irungo Zabalgune plazan. Parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago webgune honetan:

https://www.txinzer.eus/index.php?option=com_content&view=article&id=1226&Itemid=377&lang=es

Postu bat eduki nahi dutenek online formularioa bete beharko dute, eta erregistro tarteetako bat aukeratu (9.15, 9.30 edo 9.45 ordu), muntaketan pilaketak saihesteko. Bestalde, postu bat ez instalatzea nahiago dutenek gordailuko salmenta zerbitzua erabili ahal izango dute, aldez aurretik izena eman beharrik gabe. Kasu horretan, etxebizitza bakoitzeko gehienez hamar artikulu entregatu ahal izango dira, hala nola liburuak, kirol-materiala, etxetresna elektriko txikiak, dekorazio-objektuak edo ikus-entzunezko materiala. Ez da onartuko arroparik, imitaziozko jantzirik edo bolumen handiko objekturik; bai ordea, postu propioa muntatutakoen kasuan.

Azokan, 10:00etatik 14:00etara, bigarren eskuko artikuluak eskaini ahal izango dira, egoera onean: arropa, jostailuak, liburuak, altzari txikiak edo etxetresna elektrikoak. Antolatzaileek gogorarazi dute ez dagoela baimenduta produktu berriak edo berariaz horretarako prestatutako eskulanak saltzea.