“Aldaketarako Marea“-ren bigarren edizioa antolatu da, eta eragile ugari batu zaizkio
Pasaian “Aldaketarako Marea”-ren bigarren edizioa egingo da irailaren 20tik abenduaren 20ra. Aurten gehiago dira itsasoa zaintzearen aldeko ekintzak egiteko batu diren ingurumen eragileak, eta, horri esker, programa hiru hilabetera luzatu da.
Hala, eragile berrien artean daude AZTI zentro zientifiko eta teknologikoa, itsasoarekin lotutako hainbat arlotan aditua; Pasaia Kayak kluba eta Laurak Bat Pasaiako merkatarien elkartea. Pasaiako Udala proiektuan, Mater ontzi-museoa, Itsas Zaintzako Sarea, Donostiako Urpekaritza eta CIMASUB itsaspeko zinema zikloa errepikatzen dituzte. Jardunaldi hauen helburua da herritarrak itsas zaintzan, ekonomia zirkularrean eta klima aldaketan sentsibilizatzea, gizarteratzea eta inplikatzea. Horretarako, hainbat jarduera mota egingo dira.
Jarduerak
Guztira 40 ekitaldi inguru antolatuko dira. Horiek guztiak doakoak eta herritarrentzat irekiak izango dira, nahiz eta batzuetan, Materrenak adibidez, izena eman beharko den, edukiera dela eta, Pasaiako Udalaren eta Materren webgunean jarriko diren esteka batzuen bidez.
Aurreko edizioan bezala, CIMASUB Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa egingo da, baina oraingoan leku aldaketarekin. Alde batetik, lehen eta hirugarren saioak (urriaren 16an eta 30ean) Trintxerpeko alkateordetzan eskainiko dira. Bestalde, bigarrena San Pedroko Udal Aretoan. Argazki erakusketa Trintxerpeko alkateordetzan egongo da ikusgai.
Era berean, itsas hondakinak arrantzatzeko ekimenetan parte hartu ahal izango da Materren eskutik. Ekimen horietan bildutako hondakinak, Donostiako Urpekaritzak itsas hondotik jasoko dituenekin batera, erakusketa ibiltari batean erakutsiko dira: lehenik, Donibaneko Bizkaia plazan, eta, ondoren, Antxon eta Trintxerpen.
Nobedadeak
Aurten, berrikuntza gisa, Pasaiako Udalak Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Astekliman parte hartuko du, eta, horren barruan, Antxoko eta San Pedroko ipuin kontalarien jarduera eskainiko du, eta Errotetako eta Molinaoko erreken laginketak jasoko ditu Pasaiako haurrekin.
Gainera, urriaren 18an, AZTIk ate irekien jardunaldi bat antolatuko du, bere laborategiak, proiektu teknologikoak eta lan ildoak ezagutarazteko.
Baina badira berritasun gehiago: azaroaren 15ean, Hondakinen Prebentziorako Europako astea hasi baino egun batzuk lehenago, Materrek eta Pasaiako Udalak Molinao erreka garbitzeko deia egingo dute, lan komunitarioaren bidez.
Era berean, azaroaren 20an, Pasaiako Udalak Babesleku Klimatikoen Sarea aurkeztuko du, eta Zigarrokinen Rally bat antolatzeko asmoa du, non zigarrokinak hodi gardenetan jaso eta erakutsiko diren.

