Abian da 2021eko Elhuyar Zientzia Azoka

Aurreko azokaren argazkia.

Ireki da 2021eko Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea, urtarrilaren 31ra arte. Bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta zientzia eta teknologia proiektuak garatzeko gonbitea luzatu die Elhuyarrek Euskal Herriko 12 eta 18 urte bitarteko gazteei eta beren irakasleei.

Izan ere, antolakuntzak jakinarazi duenez, Elhuyar Zientzia Azoka gazteek garatutako zientzia proiektuen ekimena da, ikerketa zientiNkoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera izan dezaten, eta Euskal Herriko ikastetxe guztiak daude gonbidatuta parte hartzera, DBHko eta Batxillergoko gazteekin.

2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12-18 urteko 6.000 bat gaztek hartu dute parte Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 900 ikerketa proiektu edo proiektu teknologiko egin dira, eta horietatik, 700 lan inguru aurkeztu dira Bilboko Plaza Berrian antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan.

Gazte taldeek erabakitzen duten gaiaren inguruan arituko dira talde lanean, “galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen eta esperientzia berriak bizitzen”, eta lanaren emaitza ikerketa proiektu bat nahiz proiektu teknologiko bat izango da. Ekainaren 5ean ospatuko da Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusia: Bilboko Plaza Berrian izango den aurrez aurreko azoka handi bat, osasun egoerak hala baimentzen badu.

Gazteei laguntzeko eta STEM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile talde zabala bildu du dagoeneko Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen. Horrella, 200dik gorako ikertzaile taldeak eman du izena 2021eko Elhuyar Zientzia Azokan gazteen aholkulari izateko: %55 emakumezkoak eta %45 gizonezkoak.

Hala, beren proiektuen barnean, gazteek zientzia eta teknologiako benetako profesionalak ezagutuko dituzte, haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte eta beren lanean bidelagun izango dituzte.

DATAK

Horrela, urtarrilaren 31ra arte izango da aurretiko izen-ematea egiteko epea. Otsailaren 1etik martxoaren 8ra ikertzaileekin harremana izango dute gazteek (sarean), eta martxoaren 8tik apirilaren 12ra azokarako proiektua bidali beharko dute.

Epaimahaiak lanak aztertu eta taldeekin harremana izango du maiatzean, eta ekainaren 5ean Elhuyar Zientzia Azoka presentziala egingo da, egoerak ahalbidetzen badu, Bilboko Plaza Barrian. Ekainetik aurrera sariak emango dira (kanporako bidaiak, trebakuntza eta egonaldiak zentroetan).

Elhuyar Zientzia Azokak, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Erabi- ren laguntza ekonomikoa du, eta euskal unibertsitate eta ikerketa zentro nagusien lankidetza.

STEAM EUSKADI

Bestalde, Elkhuyarrek gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak STEAM Euskadi saria eman ziola Elhuyar Zientzia Azokari 2020ko azaroaren 18an, STEAM hezkuntzako proiektu berritzaileenaren kategorian. Deialdira aurkeztutako 133 proiekturen artean izan zen hautatua STEAM izaera edukitzeagatik, erabiltzen duen metodologiarengatik, lortutako emaitzengatik, izaera berritzailea izateagatik eta ezarritako hobekuntzengatik.

DBHko eta Batxilergoko ikasleek garatutako STEAM proiektuen azoka da Elhuyar Zientzia Azoka. Zientzia eta teknologiarekin lotutako esperientziak eta aukerak eskaintzen ditu; ikertzaileak hezkuntza zientiNkoan inplikatzen ditu, eta emakumeei ikusgarritasuna ematen arreta berezia jarri.