Bilboko 6 eta 16 urte artekoentzako udal kirol ikastaroak otsailaren 1etik aurrera hasiko dira berriro

Bilbao Kirolak izurriteak eragindako egoera berrira egokitu behar izan du bere eskaintza.

Bilbao Kirolak udal entitateak 6 eta 16 urte bitarteko adingabeentzat antolatzen dituen kirol ikastaroak berriro hasiko dira otsailaren 1etik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren dekretua indarrean sartu eta gero. Testu horrek aukera emango du berriro ere eskola kirolari ekiteko, eta horrela, 2020ko azaroaren 16an bertan behera utzi behar izan ziren ikastaroei ere.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Bilbao Kirolak udal erakundea harremanetan jarriko da ikastaroetan jarduerak bertan behera utzi beharra jasan zuten adingabeen gurasoekin, plaza gorde egin baitzaie ordutik, jarraitu nahi dutela berretsi dezaten.

Ikastaroren batean plazaren bat edo batzuk hutsik geratuz gero, udal erakundearen harpidedunek aukera izango dute plaza horietakoren bat lortzeko, urtarrilaren 24tik aurrera. Harpidedun ez direnek, ostera, urtarrilaren 26tik aurrera egin ahalko dute.

Bestalde, Bilbao Kirolak udal erakundeak beste neurri batzuk hartu ditu lege testu berria dela eta, hala nola padel, tenis, pilotaleku eta squash pistak erreserbatzeko aukera gaitzea, bizikidetza unitate berekoak izan beharrik gabe, orain arte ez bezala. Pista horiek erreserbatzeko, Bilbao Kirolak web orrira jo behar da, edo kiroldegietan dauden STP makinen bidez.

Kirol aretoen gehienezko edukiera %50 izango da, eta aldageletakoa %30. Dutxak erabiltzeko aukera izango da, baina segurtasun tartea gorde beharko da. Bestalde, 6 eta 16 urte bitarteko adingabeentzako ikastaroen eta eskola kirolaren kasuan, ezin izano da aldagelarik erabili, salbu eta uretako kiroletarako. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da jarduera guztietan, igerilekuetakoetan izan ezik.

Bilbao Kirolak entitateak gogorarazi du instalazioak aurrerantzean ere 21:00etan itxiko direla, eta horrela, etenik jarraituko dute ordu hori baino beranduago amaitzen diren ikastaroek.