PETTI (JUAN LUIS PÉREZ MITXELENA) 1973AN JAIO ZEN BERAN (NAFARROA). MUSIKAREKIN LEHENENGO KONTAKTUA NOISE HOLE TALDEAN IZAN ZUEN, HAMASEI URTEREKIN. GEROAGO, BIDE ESPERIMENTALAGO BATI EKIN ZION ZUP TALDEAREKIN BATERA, ETA 1997AN HASI ZUEN BERE BAKARKAKO IBILBIDEA
Lanberto Solatxi// 1. Nola hasi zinen musikaren munduan? Zein izan zen zure lehenengo kontaktua?
Nere lehengo kontaktua musikarekin gaztea nintzelarik izan zen. Nire bi arrebek gitarra jo eta aski ongi kantatzen zuten, eta haiei gitarra kenduta hasi nintzen pixko bat saltseatzen. Gero talde batean sartu nintzen, eta hortik aitzinera musika droga bihurtu zen niretzat.
2. Zein musikarik edo taldek izan dute eragin handiena zure estiloan?
Nerabe nintzenean heavya eta punka entzuten nuen gehienbat, baina, egia erran, estilo aunitz entzun izan ditut betidanik, nahiz eta etxean ohikoa zen rantxera onak (mexikarrak) entzutea eta beti maite izan dudan aunitz Miguel Aceves Mejía, adibidez. Umorearen arabera musika kañeroa, dantzagarria, klasikoa edo lasaia entzun dut ordutik, eta hori hagitz gomendagarria iruditzen zait. Zinema gustukoa duenak ez ditu bakarrik drama edo komediak ikusten. Musikarekin berdin izan beharko luke, nire ustez.
3. Nola definituko zenuke zure musika-estiloa gaur egun? Rock? Folk? Blues? Nahasketa bat?
Galdera zaila da hori. Blues eklektikoa izendatuko nuke, baina egia da ez ditudala kantuak egiten estiloari begira. Azkenean, konposatzeko orduan ateratzen dena, momentuan bizi izandakoa bada, segur aski azken aldian entzun dudanaren ukituren bat izanen du. Buruan gelditzen denaren nahasketa bat izanen dela suposatzen dut. Zeinek daki!
4. Zer leku dauka Berak zure musikan eta zure sorkuntzan?
Ba eragin handia. Beran egondu naiz ostalaritzan lan egiten garai hoberenean, musikak garrantzia zeukanean tabernetan… Biniloekin lan egiten genuen, pentsa! Zortea izan nuen garai haietan musikazale piloa zegoela herrian, eta denok trukatzen genituen gure jakintza eta jakinmina. Aunitz ikasten genuen, baita praktikara eraman ere. Orduan ez ginen talde asko herrian, baina ginenak, denborarekin, ikusi da hagitz gauza ederrak egin genituela. Ni Noise Hole punk rock taldean (gero Ezpal) hasi nintzen, baina gero esperimentatzeko garaia ailegatu, eta hortik atera ziren Gutariko Bat edo Zup taldeak, eta hortik aitzinera Borrokan, Sextie Sexers… Nire lehenengo kantuaren izena Bera da, ustez horrek azaltzen du herriaren eragina nire musikan.
Petti: “Azkeneko diskoa egitea hagitz gogorra izandu zen”
5. Zein da zure abestirik pertsonalena edo intimoena? Zergatik?
Bat bakarrik aukeratzea hagitz zaila da; segur aski Arrazoiak diskoko baten bat, garai gogorra izan zen.
6. Zure azken lanak zer-nolako bilakaera erakusten du aurrekoekin alderatuta?
Azkeneko diskoa egitea hagitz gogorra izandu zen. Instrumentazio pila dauka, eta urte pare bateko lana izan zen. Harkaitz Canok lan xoragarria egin zuen hitzekin, eta horrek ere zaildu egin zuen kantuak egiteko prozesua, nire buruari normala dena baino aunitzez gehiago eskatu behar izan niolako Harkaitzen mailara hurbildu nahian, eta horrek ekarri zuen kantu aunitz zaborretara botatzea eta berriz sortze-prozesua hastea. Hori ez zitzaidan sekula gertatu aitzinekoekin.
7. Sortze-prozesua nolakoa da zuretzat? Lehenengo hitzak edo lehenengo akordeak?
Beti hitza lehenengo, instrumentala ez bada, kar kar! Errazagoa zait zerbaiti musika jartzea,
musikari zentzua ematea baino.
8. Zergatik erabaki zenuen euskaraz kantatzea?
Euskalduna naizelako agian? Niretzat, euskalduna izatea ez da euskaraz jakitea bakarrik, espainol batek edo frantses batek bere hizkuntza dakien bezala. Euskalduna izatea bada kultura baten parte sentitzea, eta jabetzea zure hizkuntza eta zure kultura mehatxatuta daudela. Horrek erabaki bat hartzera eramaten zaitu: edo hizkuntza eta kulturaren aldeko konpromisoa hartzen duzu, edo desagertzen uzten duzu. Eta nik beti izan dut garbi zein den nire tokia eta zer eman dezakedan. Horregatik, orain Palestinaren alde eta Israelen kontra kantatzen dudan bezala, beti kantatu dut euskaraz eta euskaratik. Hori da nire lekua, eta hori da nire jarrera.
9. Zer toki du publikoarekin harremanak zure zuzenekoetan? Nolakoa da energia hori?
Ba gezurra badirudi ere hagitz lotsatia naiz, eta aunitz kostatzen zait publikoarekin harremana izatea. Nahiago izaten dut kontaktu bisual gehiegi ez izatea. Gehienbat, urduritu eta hitzak ahazten zaizkidalako. Lagunen artean beti errazagoa da.
10. Euskal musikaren eszenari begira, nola ikusten duzu gaur egungo egoera?
Harritzen naiz gazte taldeekin, hagitz prestatuta daude, eta musikari izugarriak dira. Gure garaian punkaren filosofia genuenok gitarra erosten genuen tutik jakin gabe, eta, nire kasuan behintzat, autodidakta moduan ematen genituen urteak, klase bat hartu baino lehen. Estiloei buruz atontzen ari naiz, eta aunitzez gehiago maite dut nire garaikoak, dudarik ez. Faltan ditut garaiko pogoak, kar-kar!
11. Beste artista batzuekin kolaboratzea gustuko duzu? Zein elkarlan nabarmenduko zenuke?
Pila batekin kolaboratu dut. Horregatik nahiago dut inor ez aipatzea, oso itsusia litzateke.
12. Musikatik kanpo, zerk inspiratzen zaitu?
Ba oraintxe bertan sukaldea, hortan nabil udan, urrian disko berria atera arte!

