Errekan Gora, Eskoriatzan

Soinu eta estilo eztanda batek beteko du Eskoriatza hiru egunez, datorren ostiraletik igandera

Estilo eta soinu uholdea izango da nagusi Eskoriatzan hiru egunetan zehar. Spooky hillbilly punketik pop-soul sofistikaturaino, rock alternatiboa, garage, blues edo rock trinko eta indartsua barne, Errekan Gora jaialdiak kartel anitza eta energiaz betea aurkezten du. Hilaren 19tik 21era bitartean, Atxorrotx Kultur Elkarteak antolatutako zortzi kontzertuetatik seiren epizentroa izango da Herriko Plaza, Udalaren laguntzarekin.

Bi kontzertu ostiralean

Paula Santamaria, Joel Bruna, Luis Carlos Orduz eta Ruben Ortiz daude Old Time Spooks taldearen buruan, 2022an Gasteizen sortutako hillbilly punk taldea. Ostiral honetan Errekan Gorako oihala altxatuko dute Inkernu tabernaren ondoan, 19:30etatik aurrera. 22:30ean, Plazako agertokira Ezpalak igoko da, Juanjo Berasain, Eñaut Gaztañaga, Unai Eizagirre eta Janardana Iglesiasek osatzen duten Zestoako rock alternatiboko taldea.

Lau kontzertu larunbatean

Sukenak (13:00), Oñatitik datorren pop-rock taldeak, inauguratuko du larunbateko jardunaldia. 2020an hasi ziren Naia eta Eider Herraez ahizpak sare sozialetan bertsioak partekatzen, oso estilo pertsonalarekin. Ekimen hura pixkanaka handituz joan zen eta bere lehen ikuskizun akustikoak sortu zituzten. Proiektua sendotu egin zen sei lagunek bat egin ondoren, eta ilusioz eta gogo biziz definitu zuten taldearen egungo nortasuna. Lan horren fruituz, 2023ko urriaren 23an kaleratu zuten lehen diskoa. Sukena Naiak eta Eiderrek, Iratxe Urzelaik, Xabier Albistegik, Xanti Egañak eta Asier Igartuak osatzen dute.

Ondoren, MoonShakers taularatuko da (Inkernu kanpoan, 20.00etan), rocka funtsean daraman Bilboko emakumezko laukotea, psikodelia, garaje, surf eta punk rock ukituekin. “Kantu urgenteak, indartsuak eta, batez ere, zuzenak gustatzen zaizkigu”, esan dute taldekideek. Gauak Travellin” Brothers taldea izango du protagonista, esperientzia handiko banda bilbotarra eta 2015ean European Blues Challenge saria irabazi zuena (22.30tan).

Mario Padillaren oroimenez

Larunbatean bertan, Mario Padillari (1928-2024) omenaldi hunkigarria egingo zaio, Eskoriatza eta Otxandioko txistulari taldeen kontzertu batekin (18.30). Eszenaratzean, bi herrien arteko lotura irudikatzen duten hainbat pieza entzungo dira, hala nola ‘Aupa Otxandio’ eta ‘Otxandiotik Eskoitzara’, eta horretarako propio sortutako ‘Aupa Eskoriatza’ biribilketa estreinatuko da. Padilla instrumentuaren maisua eta erreferentea izan zen bere ondoan ikasi zuten eskoriatzarrentzat.

Asteburua amaitzeko

Igandean, jaialdiaren azken txanpan, Aretxabaletako Nhil taldeak hartuko du lekukoa, ‘Etxea’ izeneko hirugarren albumaren aurkezpenean murgilduta. Bilduma berri honetan, bere abestiak koloretsuagoak dira eta zuzenekoaren energia harrapatzen dute, pop eta soul sofistikatuagoaren artean nabigatzen duen estiloarekin (13:00). Errekan Goraren itxiera Niña Coyote eta Chico Tornado bikote donostiarraren eskutik iritsiko da, rock astun, gordin eta indartsua eskainiz (19.30).