ALAINE AGIRRE, idazlea: “Euskaraz idazterakoan hizkuntzarekin gehiago jolastu ahal izaten dut”

ALAINE AGIRRE BERMEON (BIZKAIA) JAIO ZEN 1990EAN. LEHEN LANA 2013AN PLAZARATU ZUEN. ORDUTIK HAINBAT LIBURU ARGITARATU DITU: ODOL MAMITUAK, X HIL DA, BI ALDIZ ERDITU ZINEN NITAZ AMA, MAREN, KARENA, ANE, OIER, LIBE, TXORIAK ETORTZEN EZ DIREN LEKUA, ETA KAMISOI ZURI ZERAZKOA, BESTEAK BESTE.

LANBERTO SOLATXI //
Zure ibilbide literarioa oso gaztetatik hasi zenuen. Nola eta noiz erabaki zenuen idazle izatea?

Ez dakit erabakia izan den. Kaligrafikoki idazten ikasi aurretik istorioak asmatzen nituen, eta istorio bat zer zen jakin aurretik ere nire barne munduan bizi nintzen. Ume-umetatik idazten dut, jolas modura, eta heltzen joan ahala, jolas hori beharrizan bihurtu zait. Bizitza dijeritzen laguntzen dit idazteak. Saiatu naiz bide egokiago batzuk ibil-tzen, baina apurtu egiten naiz; eta, orduan, idaztera bueltatzen naiz. Ikarak harrapatzen nauenean, beste ezer eta beste inor ez dagoenean, ni neu ere desdibujatzen naizenean, idazteak ekartzen nau, ainguratzen nau bizitzara.

Zer da zuretzat literatura?

Babesleku bat, kabia, kanpoko mundutik ihes egitea ahalbidetzen didana, neuregan lurreratzeko. Eta, kontraesankorra dirudien arren, aldi berean lubakia ere bada niretzat literatura: munduari aurrez begira-tzeko, probokatzeko, desiratzeko eta borrokatzeko ahalmena ematen dit.

Nork edo zerk inspiratzen zaitu idazterakoan? Baduzu erreferente literariorik?

Bizitzen dugun oro da erreferentea: irakurtzen eta entzuten duguna, behatzen eta ustez ahazten duguna… Bizitzak berak inspiratzen nau, suposa-tzen dut: bereziki edonori gerta dakiokeen baina berbatara ekartzen ez ditugun horiek nahi izaten ditut erretratatu. Pertsonen barne munduak, isiltzen diren aldarriak, jendartean izendatzen ez diren zauriak. Sozialki kutsatzen diren trauma pertsonalak. Idazle askoren obrarekin sentitzen dut gustu estetikoa, baina uste dut idazteko kontrakziotan jartzen nautenak direla gorputzetik eta debekutik, desegokitasunetik eta zikintasunetik idazten duten desbiatu brillante horiek; esaterako Annie Ernaux, Anne Sexton, Alejandra Pizarnik…

X hil da edo Zain bezalako lanetan tabu sozialak jorra-tzen dituzu. Nolakoa izan da jendearen harrera?

Argitaratzen hasi nintzenean, esango nuke harridura izan zela nagusitu zena. X hil da bigarren liburuarekin eskandalizatu egin izan dira zenbait, eta egon da zentsura, batzuen aldetik; beste batzuek goraipatu egin izan dute. Egongo da nire liburuek ez onerako ez txarrerako, ukitu ez dutenik ere. Karenarekin esker on handia jaso dut gehiengoaren partetik. Ez dakit zer esan; edo, hobeto, ez dakit zer komeni zaidan esatea eta zer ez. Beharbada hau da inporta behar izango lukeen bakarra: ez dut nire idazketa kapital soziala irabazteko modako zuzentasun diskurtso edota kanpaina politikoetara makurrarazi nahi.

Nola bizi duzu euskaraz idaztea gaur egungo li-teratur testuinguruan? Zein dira abantailak eta erronkak?

Erantzun konplexu eta garatua merezi duen galdera da hau, taldean komentatzea gustatzen zaidana. Ezin naizenez luzatu, esango dizut gaur (atzo beste leku batetik erantzungo nizun), euskaraz idazterakoan hizkuntzarekin gehiago jolastu ahal izatea dela abantaila handienetako bat. Izugarri gustatzen zait hizkuntza basatza-masamorra baten antzera ibiltzea eskuetan, bihurritzea kontatu nahi dudan hori hobeto transmiti-tzeko, asmatzea horretarako beharra sentitzen dudanean. Adibidez, gaztelaniaz hori askozaz gatxagoa da, denbora luzeagoan baitaude errotuta hizkuntza horren formak eta arauak: idaztearen esperien-tzia lotuagoa dela sentitzen dut, bai hizkuntzagatik, baina baita (ez naiz lotsatzen esaten) hizkuntza horrekiko nik dudan harreman edo gaitasunagatik ere. Euskarak ematen dit niri gehienetan (eta beti ere ez, hizkuntza ere txikiegi senti-tzen baitut idazten nabilenean) zeramikako lanaren antzera, bizitza literaturara eroateko ahalegin (neurri batean an-tzu) horretan, asago ailega-tzeko, muga batzuk igarotzeko aukera. Gehiago tolestu eta birsortu ditzaket euskarazko egiturak eta hitzak, sormen handiagoarekin aritu naiteke, sentsorialagoa bihurtzen da esperientzia, artistikoagoa, nire esperientzian.

Zure haur eta gazte literaturan zein mezu edo balio transmititu nahi dituzu?

Ez ditut balioak edo mezuak transmititu nahi, edo ez helburu nagusi modura, behintzat. Haur eta gazteei morala transmititzeko erabili ohi da literatura (ere), inbutuz irenstarazteko ustez egokia eta normala eta eredugarria dena. Oxala lortuko banu haur eta gazteentzat idazten dudan horrekin, inbutuei haginka egiteko gogoa piztea irakurleengan. Irakurketa erresistentzia modura bizi izan dudala transmititzen diet nik beraiei, eta kontatzen diet Biogeoko klasean aspertzen nintzenean testuliburuen atzean ezkutatutzen nituela irakur-liburuak, edo esku-argi batekin goizaldeko orduak arte irakurtzen geldi-tzen nintzela umetan; idazketa ere, maite duten hori konkistatzeko edo lortu nahi duten maskota horren aldeko kanpaina egiteko erabili dezaketela esaten diet. Atzerakada eragiten dit ikusteak zelan saiatzen garen pedagogizatzen eta psikologizatzen haur eta gazteen irakurketa edo literatur-esperientzia, non eta esperientzia hori hain den handia, hain den erraldoia eta esanguratsua eta eraldatzailea, ikaskuntza bera, gaitasun linguistikoaren garapena, balioen transmisioa eta blabla-bloblo horiek guztiek gain hartzen dituen, bai, baina, batez ere, horietatik gainez egiten duen, hain da sakona eta askotarikoa, hain da, esan dudan moduan, erraldoia eta esanguratsua.