Dantza, Oreretako protagonista

Dantza Hirian eta Maitaldia jaialdiek bat egingo dute ostegunetik igandera

Dantza Hirian eta Maitaldia jaialdiek dantza erakustaldien agertoki handi bihurtuko dute Errenteria bihar ostegunetik igandera, irailaren 14ra.

Arte honen lehen hitzordua ostegunean izango da, Dantza Hirian mugaz gaindiko jaialdi ibiltariaren barruan. Hiru dantza-pieza programatu dira, ordutegi eta leku desberdinetan. Natxo Montesek Barbecho urbano obra eskainiko du 18:30ean Herriko Plazan. 19:15ean, Zumardian, Daniel Rodriguezen txanda izango da A raiz de-rekin. Azkenik, ordu laurden geroago, La Macana taldeak Ven ikuskizuna eskainiko du Alamedan

Larunbatean Maitaldiaren programazioak hartuko du lekukoa. Aurten ere, Biarritzen ospatzen den jaialdi honek Errenteria aukeratu du Hego Euskal Herriko egoitza gisa. Horrela, Kukai Dantzak, Herri Arte Eskolak eta Ereintza Dantza Taldeak dantza-pieza laburrak eskainiko dituzte. Herriko plazan izango da 19:00etatik aurrera.

Dantzari eskainitako egun hauei amaiera emateko, Maitaldiaren baitan, igandean, irailak 14, Ballet Gaua ospatuko da Lekuona Fabrikan. Bertan, Malandain Ballet Biarritz konpainiako 22 dantzariek Thierry Malandainen bi sorkuntza interpretatuko dituzte: Nocturnes eta Minuit et demi, ou le Cاur mystérieux, bere lanik berriena. Sarrerak abuztuaren hasieran jarri ziren salgai eta dagoeneko agortuta daude.

Tailerrak eta masterclassak

Emanaldiez gain, aste honetan bi tailer izango dira. Alde batetik, igandean bertan, Ione Miren Aguirre Malandain Ballet Biarritzeko dantzari ohiak dantza ikasle gazteei zuzendutako masterclass bat eskainiko du eta, bestetik, Dantzagunean herritar guztiei irekitako tailer bat. Izena emateko epea zabalik dago. Masterclass-erako, formulario bat bete beharko da; eta tailerrean parte hartzeko, sarrerak.errenteria.eus webgunean sartu beharko dute interesdunek. Izen-ematea doakoa bada ere, ezinbestekoa izango da Ballet Gauerako sarrera izatea.

Bestalde, Haatik Dantza Konpainiak Muévete tailerra antolatu du, Daniel Abreu dantzariak emango duena. Tailer honek Dantzagunea eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du eta aste honetan Dantzagunean emango da, baina plaza guztiak beteta daude. Herri Bizia webgunearen bidez bakarrik eman daiteke izena itxaron-zerrendan.

Azkenik, irailaren 18an Dantzaguneak diziplinarteko tailer bat hartuko du. Helduei zuzendutako doako jarduera da, baina izena eman beharko da dantzagunea@gipuzkoa.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz.