“Dantza baino ez genuen nahi”

Beltza Weekend jaialdiaren kultur programazioaren esparruan, Nacho Martínez Ignatus artista bartzelonarrak Sólo queremos bailar/Dantza baino ez genuen egin nahi izeneko lana erakutsiko du. Jaialdirako ad hoc egindako instalazio artistikoa da, eta irailaren 28ra arte bisita daiteke Kondestablearen Jauregiko atarian, Nafarroako Komiki Aretoarekin batera.

Nacho Martínezen beraren hitzetan, instalazioa “dantza-pista bat birsortzean datza, jaialdian entzungo diren musikak irudikatzen dituzten hamaika komiki-pertsonaia dotorerekin eta asteburu horretan ekitaldira joango den publiko estilosoarekin”. Eta gehitzen du: “Gaur egungoak bezalako garai beldurgarrietan, espazio bat sortu nahi dut, non dantzatzeak sortzen duen zoriontasuna baino ez den islatuko. Atseden bat adimenarentzat. Dibertitzeko une bat… ahal dugun bitartean dantza egin behar dugu ”.

Poliestireno gogortua

Tamaina handiko irudiak poliestireno gogortuzkoak dira, spray, pintzel eta errotulagailuan aplikatutako pintura akrilikoz margotuak. Irudien inguruak CNC makina batekin moztu dira. Pertsonaien estilismoak eta arropek Rosa María Aragón Chiniren laguntza eta aholkularitza izan dute.

Era berean, bisitariak QR kode baten bidez konektatu ahal izango dira jaialdiko musika zerrendara, soul ekitaldietan biltzen diren azpikultura eta estetika desberdinak irudikatzen dituzten pertsonaiez betetako fikziozko dantza pista horretan murgiltzeko.

Artista

Nacho Martínez Ignatus (Bartzelona, 1969) Iruñean bizi da duela hamar urte baino gehiagotik. Komikiak markatu zuen bere ibilbide artistikoa, eta, horren ondorioz, Valentziako Fallen munduan sartu zen, non bolumena lantzeko potentziala aurkitu zuen. Hamarkada bat eman zuen bertan monumentu falleroak sortzen. Gaur egun, Nafarroan, errotulugile lana eta enpresa eta zinema proiektuetarako bolumenen eskultore eta pintore lana uztartzen ditu, poliestirenoz modelatutako bolumen handiko fikziozko objektuak eraikiz.

Los Buga punk n roll taldeko muralista eta abeslaria ere bada, eta fanzineetan eta tokiko aldizkarietan marrazten laguntzen du. Bi komiki autoeditatu ditu: Fallaz (Hekatombe eta zombie bat Falletan) eta Putovirus (pandemiaren konfinamendu egunetan egunero egindako bineten liburua).