Elizondoko Bertan Eguna, “KM 0 festa”

29 saltoki eta artisau aterako dira kalera

Bertan Baztan elkarteak Bertan Egunaren bigarren eguna ospatuko du larunbat honetan, abuztuaren 9an. 10:00etatik 20:00etara, 29 denda edo artisau egongo dira Elizondoko kaleetan zehar, haien produktu lokalak saltzen. Gazta, barazki edota hestebeteak alde batetik, kosmetika ekologikoa, zeramika zein larruzko edota artilezko jantziak bestetik; bertaratzen direnek eskuz landutako eta maila lokalean produzitutako produktuak aurkituko dituzte.

Gainera, erraldoiak eta gaiteroak kaleetan zehar ibiliko dira, giroa berotzeko. 11:30ean aterako dira eta ordu berean, KM0 Dj-ren musika entzungo da herriko plazan. Arratsaldean, 18:00etan, Baztango Mindeitze kantu taldea kantuz ibiliko da herrian zehar, plazatik irtenda.

Azokaren esangura

KM 0 produktuen azokak, non bertako saltokiek beren produktuak kalera ateratzen dituzten, hurbiltasuna, artisautza eta benetakotasuna balioan jartzeko aukera bikaina da. Horrelako ekimenek tokiko ekonomia sustatzen dute, inguruko ekoizleak bizilagunengana eta bisitariengana hurbiltzen dituzte eta saltoki txikien eta komunitatearen arteko loturak indartzen dituzte.

Gure ingurune hurbilean egindako edo landutako produktuen erosketa sustatzeak freskotasuna eta kalitatea bermatzeaz gain, aztarna ekologikoa murrizten du eta kontsumo eredu jasangarriagoak babesten ditu. Azoka hau, azken batean, eredu ekonomiko bidezkoago, arduratsuago eta lurraldean sustraituago baten aldeko apustua da.