Saioa ostegunean egingo da Torrekua eraikinean 17:30etatik 20:00etara
Datorren ostegunean, ekainaren 26an, Errenteriako Torrekua eraikinean (Orereta kalea, 7) Café Repair izeneko tailerra izango da. Helburua da etxean dituzten gailu teknologiko zaharrak (ordenagailuak, jostailuak, makinak…) konpontzen laguntzea, bigarren bizitza bat emateko.
Tailer honetan parte hartzeko aukera herritar guztiei zabalik dago eta asmoa laguntza ematea eta solasean aritzea izango da. Horretarako nahikoa izango da ostegunean 17.30etatik 20.00etara gerturatzea Torrekuako lehen solairuan.
Habian! elkarlaneko inkubagailua ikusgai Torrekua eraikinean sorkuntza- eta artisautza-lanbideen eta teknologiaren alorreko proiektuak abiarazteko eta sendotzeko.
TEKS
Tailer hau Biko Net enpresak antolatu du eta TEKSen laguntza du. Teknologia askeen eta Ekonomia sozial eta eraldatzailearen arloan lan egiten duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatutako elkartea da TEKS.
TEKSen helburu nagusiak teknologia libreak sortzea, sustatzea eta sartzea dira, gizarte-ekonomiaren ikuspuntutik. Burujabetza teknologikorantz urratsak ematea, burujabetza materialaren ikuspegi integrala bermatuz, interkooperazioa, elkartasuna eta zaintza harreman eta proiektuen erdigunean jarriz. Herri eta komunitateek gai teknologikoei buruzko erabakiak hartzeko duten gaitasuna merkatuaren gainetik. “Hau da, politikak berak definitzeko aukera sustatu nahi dugu, proiektu kooperatibo eta eraldatzaileak garatuz”, adierazi dute.

