Larunbatean izango da hitzordua, eta erakusketak, proiekzioak eta hitzaldiak izango dira
Kultur proposamen berri batek bat egin du Arabako hiriburuarekin. Zizaia ilustrazio eta autoedizio jaialdia egingo da larunbat honetan Errekaleorren. Hitzordu horrek, egunean zehar, proposamen ugari ekarriko dizkio bertaratzen den publikoari, besteak beste, erakusketak, hitzaldiak eta proiekzioak. Goizeko hamarrak aldera hasiko da dena, eta ia gaua iritsi arte iraungo du.
Ekimenaren antolatzaileek diotenez, “sormenez, politikaz, kolektibitateaz eta publiko guztientzako pentsatutako programazioa duen kultura grafikoaz” bete nahi dute auzoa. Jaialdiak “askotariko topagunea” izan nahi du, eta “artista disidenteei, emakumeei eta bertakoei protagonismo berezia” eman nahi die, baita diskurtso politikoa duten proiektu grafikoei ere. Horiez gain, euskara da, erabileran eta ikusgarritasunean arreta berezia jarriz, hitzorduaren funtsa osatzen duen beste zutabeetako bat”.
Programa
Goizeko hamarretan irekiko dituzte egun osoan zehar martxan egongo den azokaren ateak. Hogeita hamar bat artista postuk euren lan ilustratua eta material autoeditatuak erakutsi eta salgai jarriko dituzte. Horren inguruan, jarduera-programazio trinkoa zabalduko da.
Esate baterako, grabatu, pop-art, urban sketching eta aire zabaleko pinturen tailer irekiak egongo dira, “ikusleei begirada parte-hartzailetik sortze-prozesuak hurbiltzeko diseinatuak”. Honi Rurru Mipanochiaren erakusketa bat ere gehituko zaio. Hain zuzen ere, Zizaiaren deira joaten direnekin partekatuko da Kolonaurreko sexualitateen hurbilketa laburra.
Horrez gain, Azaletik azalera film laburra proiektatuko dute Errekaleorren, eta, ondoren, Mel Arranz zuzendariarekin solasaldia izango da, eta Samir Flores Soberanes lurraren defendatzailearen omenez Ania Saenz de Buruagak egindako murala amaitu eta aurkeztuko dute. Musikaren presentzia ere ez da faltako, Edder eta Dj Eromenaren eskutik.
Apostua
Hori guztia, Zizaia “formazio, elkarrizketa eta sormen kolektiborako gunea” izango delakoan. Errekaleor auzoa ezaugarritzen duen bizitza kultural aktibo eta irekiaren barruan kokatzen da jaialdia, Gasteizko eszena kultural alternatiboaren erreferente gisa jada finkatua dagoena, eta kontzertuak, antzerkiak, hitzaldiak, proiekzioak, aurkezpen literarioak… askotariko programazio jarraitua eta doakoa eskaintzen duena”.
“Zizaia sortzen ari diren sortzaileei eta zirkuitu kultural instituzionaletan beti bere lekua aurkitzen ez duten proiektuei ahotsa eta espazioa emateko nahitik sortu da. Ilustrazioa eta autoedizioa adierazpen politiko eta komunitarioko tresnak izango diren jardunaldi bat eskaini nahi dugu, non euskara hizkuntza nagusia izan daitekeen”, adierazi dute antolatzaileek.

