Olharizuren estreinaldia Errekaleorren

Arennatik eta Dunatik etorritako Arabako musikari ezagunek bat egiten duten proiektu berriak emanaldia eskainiko du asteazkenean

Horietako bat bera ere ez da ezezaguna eszenarako, Arabakoa zein beste tokietakoa. Orain, ordea, musikarako bide berri bati ekingo diote laurek. Olharizu du izena, aspalditik mamitzen ari den proiektu honek, baina, azkenean, publikoarekin topo egingo duena. Ez dago aukera egunero talde baten estreinaldira joateko. Hori gertatuko da asteazken honetan Errekaleorren. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera egingo dute bat publikoarekin.

Javi (baxua), Rober (gitarra), Juancar (bateria) & Txus Dr. Sax (gitarra eta ahotsa) dira apustu ozen honen hasiera eta amaiera. Beste proiektu batzuk amaitu ostean, Olharizuren ideia azken hiru urteetan eraiki dute, eta denbora horretan, formaziotik azaltzen dutenez, “notekin jolasean egon dira iluntasunean”.

Su txikian

“Su motelean sukaldatzeko ohitura dugu”, onartu du laukoteak. Azken finean, hainbeste presa dagoen garai honetan, ia miraria dirudi norbaitek bere denbora hartzea gauzak nahi bezala egiteko. Dena den, “gure konposizio berriek argia ikus dezaten” garaia da eta horri “erremedioa jarriko diogu berehala”.

Seguru asko, kontzertu berezia izango da zentzu guztietan, bai Errekaleorreko oholtzara gerturatzen den publikoarentzat, bai proiektuko lau kideentzat. Hala ere, ez da denbora askorik egongo erlaxatzeko, taldeak beste data bat baitu baieztatuta, Arabako hiriburuan berriro ere. Korterrazak hilaren amaieran aurkeztuko duen programazioaren parte izango da. Hilaren 28an izango da emanaldia, Artiumen kanpoaldean.