Guggenheimek eskolako sormena erakutsi du

Artea ikasbide programaren 27. edizioak 6 eta 12 urte bitarteko 117 ikasleren lanak erakutsiko ditu

Guggenheim Bilbao Museoak Artea ikasbide erakusketa inauguratu du astearte honetan. Euskadiko sei ikastetxetako sei eta hamabi urte bitarteko 117 ikaslek 27 urte bete dituen hezkuntza-programa enblematiko honetan parte hartzearen ondorioz egindako lanak biltzen ditu erakusketa horrek.

1998an sortu zenetik, programak Euskadi osoko ia 4.000 ikasleren eta 157 ikastetxeren parte-hartzea izan du, eta erreferente gisa finkatu da artea hezkuntzan integratzeari eta gazteenen artean sormena, esperimentazioa eta pentsamendu kritikoa sustatzeari dagokionez.

Aurkezpen ekitaldian zehar, Miren Arzalluz museoko zuzendari nagusiak programaren ibilbidea nabarmendu du: “Museoak 1998an martxan jarri zuen programa da. Urte hauetan 4.000 ikasle inguruk parte hartu dute. Bat-batekotasunez eta elkarlanez betetako lanak dira emaitza”, adierazi du Arzalluzek, sormenak eta elkarlanak hezkuntza prozesuan duten garrantzia azpimarratuz.

Ikasleentzako esperientzia berdingabea

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Politikako sailburuorde Lucia Torrealday-k ere parte hartu du ekitaldian, eta ekimenaren balioa azpimarratu du. “Etorkizun handiko programa da, ibilbide luzea du eta espero dugu ibilbide luzeagoa izango duela. Hezkuntza sailarentzat plazer bat da horrelako ekimenetan parte hartzea, gure ikasleei eskaintzen dizkien aukerengatik. Artea bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea da. Oso garrantzitsua da elkarlanean aritzea eta taldean lan egitea, irudimena, pentsamendu kritikoa eta sormena garatzeko”, adierazi du.

Arte garaikidea eskola-ingurura hurbiltzen du programak, jardunean dauden artisten eta ikasleen arteko lankidetza zuzenaren bidez. Maider Lopez kolaboratzaileetako batek azaldu duenez, “sei artistak eskola ezberdin batera goaz eta han ikasleekin egiten dugu lan. Gela bakoitzerako programa espezifiko bat garatzen dugu. Programa hau ez da egun bateko saioa, urte osoan zehar egiten den lana baizik”.

Irailera arte ikusgai

Erakusketa 2025eko irailaren 21era arte egongo da zabalik, eta askotariko proiektuak biltzen ditu: artista liburuak, ingurunean inspiratutako paisaiak, horma-irudi kolektiboak, eskulturak eta animazioak, guztiak ere naturari, nortasunari eta giza ekintzak ingurumenean duen eraginari buruzko hausnarketatik sortuak. Parte hartu duten ikasleek beraiek esperientziaren balioa azpimarratu dute. “Asko lagundu gaitu kontzientziatzen eta naturarekin konektatzen”, azaldu dute.