Giza Liburutegiak programa Nafarroan, LGTBI+ ‘liburuak’ 6 udalerritan

Memoria eta Bizikidetza Sailak, sailen arteko ekimen honen koordinatzaile gisa, sei gune berri eskaintzen ditu herritarren arteko topaketarako

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Sailak, Giza Liburutegien ekimenaren koordinatzaile gisa, sei gune berri eskaintzen ditu herritarrekin elkartzeko, eta, oraingoan, LGTBI+ kolektiboko pertsonak arduratuko dira beren esperientziak partekatzeaz.

‘Giza liburutegia’-n herritarrek istorioak kontatzeko dituzten pertsonen testigantza zuzenak aurkitu eta ezagutzen dituzte. Elkarretaratzea sustatzea eta diskriminazioa gutxitzea du helburu jarduerak, desberdintasuna ospatuz eta elkarrizketa, tolerantzia eta pertsonekiko errespetua sustatuz, aurreiritzi eta estereotipo horiek zalantzan jartzea lortuz, eta gizarte kohesioa sendotzen lagunduz, Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez.

Proiektu honetan, webgunera sartzen diren erabiltzaileek aukera-katalogo bat kontsultatu ahal izango dute, eta, liburuak aurkitu beharrean, pertsonak aurkituko dituzte bertan. Horrela, aurrez aurre eseri ahal izango dira aukeratutako pertsona-liburuarekin, entzuteko, hitz egiteko eta ordu erdi inguruko elkarrizketak ezartzeko.

Memoria eta Bizikidetza, Nafarroako Berdintasunerako Institutua, Migrazio Politikak eta Kulturako zuzendaritza nagusiek martxoan hasi zuten ‘Giza Liburutegien’ urteko proiektua Nafarroako hainbat udalerritan. Martxoan eta apirilean topaketak antolatu zituzten, eta arrazakeria eta immigrazio gaiei buruzko bizipenak partekatu zituzten hainbat lagunek. “Saioen garapena oso positiboa izan zen”, azpimarratu du Jaurlaritzak.

Oraingoan, Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren eta LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, LGTBI+ kolektibokoak izango dira beren bizi esperientziak kontatuko dituzten pertsonak. Ehgam, Naizen eta Fénix elkarteak buru-belarri sartu dira giza liburuak ekartzen. Haur transexualen senideak; zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten aktibista eta giza eskubideen defendatzaile gazteak, bereziki LGTBI+ kolektibokoak, homosexualak, izango dira gaiarekin lotutako bizipenak partekatuko dituztenak.

Lehen saioa aste honetan egin dute Txantreako Liburutegian (Iruñea) eta gainerako saioen egutegia itxita dago jada. Hala, topaketak antolatu dira Etxarri-Aranazko Liburutegian ekainaren 12an, 18:30ean; Irurtzungo Liburutegian ekainaren 18an, 18:00etan; Erriberriko Liburutegian ekainaren 17an, 18:00etan, eta Tafallako Liburutegian ekainaren 26an, 19:00etan.