Oroitzapenak sortzeko opariak

UNAI GANDARIAS //
Zeinek ez dauka udako oroitzapen onen bat? Uda berehala dator, eta denok gozatzeko irrikan gaude. Pertsona bakoitzari une ezberdinak datozkigu burura hilabete eguzkitsuetan pentsa-tzean: lagunekin egindako mendi-ibilaldiak, bikotekidearekin bisitatutako herri xarmagarriak, familiarekin izandako bazkari luzeak, bakarrik gozatutako ilunabar ederrak. Milaka dira uda bakoitza berezi bihurtzen duten uneak, eta, gaur egun, une horiek betikotzeko era asko daude. Hona hemen zuretzako edo maite duzun pertsona batentzako bi opari-ideia, udako bizipenak betiko gogorarazten laguntzeko.

Poltsikoko akuarela-kutxatila

Poltsikoko akuarela-kutxatilak kit trinkoak eta eramangarriak dira, eta edonon margotzeko diseinatuta daude. Oro har, akuarela-pastilla sorta bat, pintzel bat edo gehiago (askotan, urez bete daiteke) eta koloreak nahasteko paletatxo bat izaten dute. Txikia denez, oso erraza da edonon gordetzea, baita poltsikoan ere. Ondorioz, ezin hobeak dira aire zabalean margo-tzen, bidaiatzen edo une bereziak gordetzen gozatzen duten artistentzat, hasiberrientzat zein trebatuentzat. Honako hau opari paregabea da izaera sortzailea duen edonorentzat!

Bat-bateko argazki-kamera

Kamera mota hauek, iraganeko Polaroid kameren modura, udako uneak atzemateko eta momentuan inprimatutako argazkia lortzeko aukera ematen dute, oroitzapen fisiko eta ukigarriak sortuz. Bere xarma berehalakotasunean eta inperfekzioan datza: irudi bakoitza bakarra da, eta ezin da editatu. Bidaia, festa edo ilunabarretarako bikainak dira; orainaz gozatzera eta altxor bisual gisa gordetzera gonbidatzen
gaituzte. Gainera, emozioak eta une bereziak betikotzeko modu sortzaile eta nostalgikoa dira, digitalari men egin gabe. Beraz, opari erakargarri bat bilatzen bazaude, horrelako kamera bat
aukera ona izan daiteke.