Azoka larunbatean eta igandean egingo da, 80 postu baino gehiagorekin eta ikuskizun ugarirekin
Hondarribiko Erdi Aroko Azoka asteburu honetan, ekainaren 7an eta 8an, itzuliko da, eta berriro ere aukera paregabea eskainiko du duela ehunka urte udalerriko Alde Zaharra nolakoa zen gogoratzeko. Goizeko 10.00etatik 14.00etara eta arratsaldeko 17.00etatik 21.00etara, bisitariek antzinako giroa bizitzeko aukera izango dute, ekintza, ikuskizun eta erakusketa ugarirekin.
Ortzi Alonso Kultura zinegotziak azaldu duenez, “Hondarribia garai batean izan zenera itzuliko da”, eta, horretarako, antzinako kanpalekuak, arabiar haimak eta antzinako musika-tresnen erakusketak egongo dira, besteak beste. “Aurten ere herriko hainbat elkarteren laguntza izango dugu, hala nola, Marlaxka Xake Elkartearena, Azeri Tiroketa Elkartearena eta Jaitzubia Hipika Elkartearena ”, gehitu du.
Azokak gero eta espazio historiko gehiago hartzen dituela nabarmendu du zinegotziak, eta ezinbesteko hitzordu bilakatu da: “Denetarik izango dugu: arotzak, errementariak, upelgileak, urregileak, harginak, ipuin-kontalariak eta artzainak ardiekin. Guztira 80 postu baino gehiago egongo dira”.
Aurten, gainera, hiru berrikuntza nagusi izango ditu azokak. Alde batetik, Agustina Genua plazako agertokiak Tinglaua txotxongilo ikuskizuna hartuko du, bi egunez, 12.00etatik 20.00etara. Bestetik, Gipuzkoako Ilusionismo Elkartearen magia emanaldia Olazabal parkean, hau ere bi egunez. Azkenik, leku berean ‘Sol de Loto’ konpainiaren kalejira eta dantza ikuskizunak izango dira.
Horrez gain, ekainaren 16ra arte iazko azokako argazki erakusketa ikusteko aukera izango da Arma Plazan. Gainera, aurten ere argazki lehiaketa berri bat antolatu da.
Trafiko aldaketak
Honako kale eta plazak hartuko ditu azokak: Arma plaza, San Nikolas kalea, Bretxa kalea, Gipuzkoa plaza, Denda kalea, Fraxkueneko horma, Apezpiku kalea, Bikario plaza eta Kasino Zaharreko lorategiak. Horren ondorioz, zenbait trafiko aldaketa egongo dira: Kale Nagusia autoentzat itxita egongo da ostiral arratsaldean, eta larunbat eta igandean egun osoan. Parte Zaharretik ateratzeko ezkerrera egin beharko da Denda kaletik eta Juan Laborda kaletik; baimendutakoak bakarrik sartu ahalko dira bertara.