Udaberriko bisita Aieteko parkera izango da igandean, ekainaren 8an
Gaur, ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, eta hainbat ekintza egingo dira munduan zehar. Donostiak ez du ospakizun horretatik kanpo geratu nahi, eta Cristina Enea Fundazioaren bidez, Parkez parke ekimena jarri du abian, herritarrak hiriko parkeetara hurbiltzea eta “naturarekin duten harremanaz gozatzea” helburu duena.
Urtaroka antolatuko dira bisitak, bataren eta bestearen artean gertatzen diren aldaketen berri izan dezan bertaratzen den publikoak. Udaberriko bisita Aieteko parkera egingo dena da. Udakoak Urgull mendia izango du helmuga, udazkenekoak Ametzagaña parkea, eta negukoak, Ulia.
Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak nabarmendu duenez, proposamen horrekin “hiri-parkeei balioa eman nahi zaie, hirien eta herritarren ongizatean funtsezko papera betetzen baitute”.
21 metro biztanleko
Garciak azaldu duenez, Donostiak gaur egun 21 metro koadroko azalera berdea du biztanleko, “OMEk bizi-kalitatearen adierazle gisa ezartzen duen batez bestekoaren ia bikoitza”.
Udalak ziurtatu duenez, berdegune horiek “gero eta irisgarriagoak eta biziagoak” izatea nahi du, eta donostiarrek eta adin guztietako bisitariek gozatu ahal izatea.
Lehen bisita igandean izango da, hilak 8, eta parkea ezagutzeko balioko du. Goizeko 11:00etan hasiko da eta bisita euskaraz izango da. Gaztelaniaz egin nahi duenak ekainaren 22ra arte itxaron beharko du, ordu berean.
Izen-emateak webgunean egin behar dira www.cristinaenea.eus, eta han sartu da informazio baliagarri guztia.