Ostiralean abiatuko da festa frontoian, dantza gala batekin, eta larunbatean era guztietako ekintzak egingo dituzte
Apenas pasa den maiatzeko lehen asteburuan ospatu zen Antxua Egunaren zalaparta, eta Getarian jada hurrengo hitzordu handira begira daude: Euskal Jaietara. Izan ere, marinel-herria festaz jantziko da datorren asteburuan Euskal Jaiak ospatzeko. Euskal kulturaren jai tradizional honek musikaz, dantza tradizionalez eta bertako produktuz beteko ditu Getariako kaleak. Gauzak horrela, Euskal Jaiak ostiralean eta larunbatean izango dira. Horretarako egitarau oparoa antolatu dute herriko kultur eta musika kolektiboen artean, Udalaren laguntzarekin.
Ostiralean abiatuko da festa udal pilotalekuan, Gure Txeru Dantza Taldeak egingo duen dantza galarekin. 18:00etan hasiko da, eta, orduan, gaztetxoenek ikasitakoa erakutsiko dute oholtza gainean.
Bi ordu beranduago, nagusien txanda izango da. Izan ere, gaueko 22:00etan helduen taldea protagonista duen Erroak Zabaltzen ikuskizunaren txanda izango da. Ekitaldi hunkigarri honetan Gazte Alaiak txistulari bandak, herriko trikitilariek, Getariako Musika Bandak eta Pepita Enbil eskolako musikari eta dantzariek ere parte hartuko dute.
Larunbata, Euskal Jaiaren eguna
Larunbatean Euskal Jai eguna ospatuko dute eta Dianarekin hasiko dira, goizeko 9.00etatik aurrera; une horretan txistulariak, trikitilariak eta panderojoleak kalez kale ibiliko dira Sahatsagatik.
10.00etan, Musika Eskolako musikari gazteenak eta Pepita Enbilen panderojoleak batuko dira festara, Getariako txoko bakoitza alaitzeko asmoz.
Goizeko 10.30etatik aurrera eta arratsaldeko 14.00ak arte, bertako produktuen azoka izango da frontoian. Gazta, ogia, krema naturalak, barazkiak, artisau-garagardoa eta gustuko taloak izango dituzte salgai bertaratzen direnek.
11.30ean, berriz, haurren trikitilariek girotuko dituzte beren doinuekin alde zaharreko kaleak. Ordu bete beranduago, plazan, Alaken taldearen dantza ikuskizuna hasiko da, eta ez dira faltako ohiko muxikoak, ezta dantza tradizionalak ere.
Irrintzi txapelketa
Amaitzean, irrintzi lehiaketa egingo dute. Edonork izango du parte hartzeko aukera, mikrofonoa zabalduko baitute denentzat. Irrintzi ikusgarrienak irabaziko du txapelketa. Lehiaketa amaitzean, Larrain Dantzak bere dantza ikuskizuna eskainiko die frontoira hurbiltzen diren getariar guztiei.
Jaia ez da hor amaituko arratsaldeko 18:30etatik aurrera kantu-jira batekin jarraituko baitu Agosti eta Barrena taldearekin batera. Musika taldea Getariako kaleetan zehar ibiliko da jai giroa are gehiago alaitzen.
Amaiera borobila emateko, 22:00etan, Getariako Euskal Jaiak plazan egingo den erromeria herrikoiarekin amaituko dira. Itzal taldeak animatuko du eta gauerdira arte dantzatuko dute… edo goizaldeko ordu txikiak arte. Euskal Jaien egitarauari buruzko informazio gehiago eskura daiteke Udalaren webgunean.