Ekainean Parke Naturalen Eguna ospatuko du Gipuzkoak, 1ean Aiako Harrian eta 8an Aralarren.
Ospakizun horien helburu nagusia “parke naturalen balioak, bertako flora eta fauna aberatsa, artzaintzak moldatutako paisaiak eta aisialdirako eskaintzen dituzten aukerak zabaltzea” da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Parke Naturalen Eguna ospatuko du aurten ere, gune horiei balioa emateko eta herritarrei bertako aberastasun ekologikoa eta kulturala ezagutzeko eta gozatzeko gonbita egiteko. Aurten, jardunaldiak ekainaren 1ean izango dira Aiako Harria Parke Naturalean eta ekainaren 8an Aralarkoan.
Foru erakundeak azaldu duenez, ospakizun horien helburu nagusia “parke naturalen balioak, bertako flora eta fauna aberatsa, artzaintzak moldatutako paisaiak eta aisialdirako eskaintzen dituzten aukerak zabaltzea” da.
Sentsibilizazioa sustatzea
Aldi berean, Natura 2000 Sarearen Eguna (maiatzak 21) eta Parke Naturalen Europako Eguna (maiatzak 24) bezalako beste ospakizun batzuekin bat eginez, tokiko ondarearen inguruan herritarren sentsibilizazioa eta parte-hartzea sustatu nahi da.
Gainera, Aldundiak, 2025ean Gipuzkoa izena (Ipuskoa) lehen aldiz idatziz jaso zutenetik 1.000 urte betetzen diren honetan, bi jardunaldi hauetan “aberastasun hori balioan jarri eta gertutik ezagutarazi nahi da”.
Aiako Harria
Aiako Harrian, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin antolatutako ekainaren 1eko jardunaldia Aritxulegin izango da eta 10.30ean hasiko da. Bertaratzen direnek artalde bat gertutik ezagutzeko aukera izango dute, aditu baten azalpenekin parke naturalean duen garrantziari eta horri lotutako erabilera- eta kontserbazio-praktikei buruz.
Ondoren, basozain batek Basabizik berreskuratutako hegaztia askatuko du, eta euskal makilarekin egindako borroka jokoa erakutsiko dute Oiartzungo elkarte baten eskutik. Ondoren, Et Incarnatus taldeak musika emanaldia eskainiko du, eta gazta dastaketa eta salmenta ere izango dira.
Jardunaldira joateko, doako autobus zerbitzua eskainiko dute Beasain, Tolosa eta Oiartzundik. Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea arditurri@gipuzkoanatura.eus helbidean edo 943 49 42 48 / 688 89 50 68 zenbakietan.
Oinez igo nahi dutenek taldeka egin ahal izango dute, Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen hezitzaileek gidatuta. Elkargunea Arditurriko Parketxea izango da 9.00etan, eta handik ordu eta laurden inguruko ibilaldia hasiko da. Egun horretan ezingo da autoz sartu Aritxulegira (behar bezala justifikatutako arrazoirik ez badago).
Aralar
Bestalde, Aralarko Parke Naturalaren ospakizuna ekainaren 8an izango da Errekontan (Ausa Gaztelu ondoan), Abaltzisketako Udalarekin elkarlanean. Taldean joan nahi dutenek 9:30ean Larraitzen (Zamaoko jolas-eremua) elkartu ahal izango dira oinez igotzeko, Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen-hezitzaileek lagunduta.
Jardunaldia 11:00etan hasiko da, artalde baten bisitarekin eta espezialisten azalpenekin. Ondoren, hegaztiak askatuko dira, Abaltzisketako txantxoen dantza tradizionala eskainiko da, eta Et Incarnatus taldeak goiza girotuko du ‘Menditik itsasoraino dantzan (II)’ ikuskizunarekin.
Amaitzeko, gazta dastaketa eta salmenta eskainiko dira. Donostiatik eta Tolosatik ere doako autobusa jarriko dute. Aldez aurretik izena eman behar da barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidean edo 943 18 03 35 / 688 89 50 69 telefonoetan.