Datorren ekainaren 20ra arte, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak deitutako diru-laguntzetarako eskaerak aurkeztu ahal izango dira, 8,8 milioi euroko zuzkidura dutenak
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak datorren ekainaren 20ra arte ireki du 2025. urtean film luzeak, laburrak, telesailak eta dokumentalak finantzatzeko diru-laguntzak -8,8 milioi euro- eskuratzeko eskaerak aurkezteko epea.
Film luzeak ekoizteko laguntzek 5.400.000 euroko zenbatekoa izango dute. Fikziozko film luze zinematografikoen kasuan, 3.200.000 euro erabiliko dira 70 minutu edo gehiago irauten duten ustiapen komertzialeko ikus-entzunezko lanak diruz laguntzeko.
Aurrekontua euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen artean banatuko dela bermatuko da, eta 1.700.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatuak izan eta diru-laguntza lortzeko puntuazio nahikoa lortu duten proiektuetarako.
Animaziozko film luzeei dagokienez, 1.500.000 euro emango dira 60 minutu edo gehiago irauten duten eta zinema-aretoetan komertzialki ustiatzeko erabiltzen diren filmetarako.
Hirugarren modalitatean, sormenezko film dokumental luzeen modalitatean, 700.000 euro bideratuko dira, guztira, edozein hizkuntzatan sortuak izan eta gaia errealitatetik hartua dutenak laguntzeko; aldi berean, lan originala izango da, gai jakin bati buruzko ikerketa edo analisia egitekoa, gutxienez ordu komertzial bateko iraupena izango duena eta zinemara edota telebistara bideratua dagoena.
Euskarazko film laburrak eta telesailak
Horrez gain, edozein euskarritan egindako eta 60 minutu baino gutxiago irauten duten film labur zinematografikoak ere diruz lagunduko dira. Horretarako, 428.000 euroko aurrekontua bideratuko du Jaurlaritzak. Aurrekontua euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen artean banatuko dela bermatuko da, eta gutxienez 220.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatuak izan eta diru-laguntza lortzeko puntuazio nahikoa lortu duten proiektuetarako.
Euskarazko telesailak ekoizteko laguntzei dagokienez, jatorrizko euskarazko ikus-entzunezko telesailen lehen denboraldia egitea babestuko da, “kalitate handikoa eta nazioarteko bokazio argia duena eta berritzailea, ikuspegi formal eta tekniko batetik”. 3.000.000 euroko aurrekontua bideratuko du Jaurlaritzak.
2024ko deialdian, Eusko Jaurlaritzak 29 proiektu babestu zituen guztira: fikziozko lau film luze, animaziozko hiru film luze, sormenezko hamaika film dokumental luze, bederatzi film labur eta euskarazko bi telesail.