Ostiralean, proiekzioaren ostean, zuzendariak solasaldia eskainiko du bere herrian
Euskaraldiarekin bat eginez, Faisaien irla filmaren emanaldi berezia antolatu da ostiral honetan, 19:30ean, Oreretako Niessen zinema-aretoan. Saioaren ostean, solasaldia izango da filmaren zuzendariarekin, Asier Urbieta errenteriarrarekin.
Pelikularen sinopsia
Faisaien Uhartea munduko kondominiorik txikiena da, eta, beraz, subiranotasun partekatua du. Urtearen erdia estatu espainiarrari dagokio eta beste erdia frantziarrari. Laida eta Sambou irlaren parean paseatzen ari direla, ibaia igerian zeharkatu ezin duten bi pertsona ikusi dituzte. Egun batzuk geroago, gorpu bat agertu da irlan, estatu batek besteari subiranotasuna ematen dion ekitaldian. Zein estaturen ardura izango du gorpuak?
Beste formatu batzuetan hainbat lan egin ondoren, Urbietak Bidasoa ibaian pertsona bat ito zela komunikabideetan irakurri zuenean, gai horri buruzko dokumentazioa bildu zuen, eta film bat egiteko beharra sentitu zuen.
Malagako Zinemaldian eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu dute bere lana.