Gure Zirkua, Abadia saria 2025

Foru Aldundiak “elkartasuna, sormena eta inklusioa” landu dituela azpimarratu du.

Gure Zirkuak Abadia 2025 saria jasoko du, “aisialdiaren eta dibertsioaren bidez” euskarari ekarpen berritzailea egiteagatik. Sariaren 25. edizioa izango da, eta 1996tik euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona edo elkarteen jarduna aitortu du.

Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariaren arabera, Iker Galartzak eta Joseba Usabiagak gidatzen duten ekimenak “modu berritzaile eta atseginean uztartzen ditu euskararen normalizazioa, kulturaren deszentralizazioa, familia aisialdia eta tokiko talentuaren sustapena”. Hala, “haur, gazte zein helduei euskaraz eta euskaraz sortutako kulturaz gozatzeko aukera berriak” eskaintzen dizkietela nabarmendu du.

Erabakia hartzeko orduan, Aldundiak kontuan izan du “elkartasuna, sormena eta inklusioa modu eredugarrian” landu dituela. “Euskarazko zirku bakarra izanik, haurren garapena, kohesio komunitarioa eta euskal kulturaren aniztasuna bultzatzen ditu. Gainera, sentimenduz, umorez eta emozioz beteriko ikuskizunen bidez, euskarari eta euskal komunitateari topaleku eta dibertsio berri bat eskaini die”, gaineratu du Mendizabalek.

Egitarau oparoa

Abadia Sariaren 25. edizioa ospatzeko, askotariko programazioa antolatu dute aurten. Ruper Ordorikak, Abadia Saria 2024 sariak, kontzertua eskainiko du maiatzaren 31n Hendaiako Abadia jauregian. Ekainaren 2an, Harkaitz Canok eta Badalab Hizkuntza Laborategiko zuzendari Goiatz Oiartzabalek Anton Abadiaren bizi-ibilbidea eta ekarpena gertuagotik ezagutzeko aukera emango dute bideo-podcast saio baten bidez.

Horrez gain, Abadiaren biografiaren berrargitalpena eta itzulpena aurkeztuko ditu Aldundiak, Elkar argitaletxearekin eta Euskal Hirigune Elkargoarekin elkarlanean. Plazara Ipar Euskal Herriko kolektiboak, berriz, Anton Abadiaren gaineko escape-room erronka sortuko du eta Hendaiako jauregian bertan jarriko du martxan egun batez.

Abadia Saria emateko ekitaldia ekainaren 19an izango da, Eibarren. Han, Gure Zirkuko ordezkariek merezitako aitortza jasoko dute euskarari egindako lan eta ekarpen aberatsagatik.