Oskarbi: ikuskizun berrian euskararen historia errepasatuko du taldeak musikarekin

Kantuak eta errezitaldiak uztartzen dituen lana estreinatuko dute maiatzaren 21ean Tolosako Topic-en

Ikuskizun berrian, Oskarbi taldeak euskararen historia errepasatuko du, erromatarren garaietatik XXI. mendera arte, musika eta narrazioaren bitartez. Lizardi Elkarteak antolatuta, Euskara Donemiliatik Gurera ikusi eta entzuteko aukera izango da maiatzaren 21ean Tolosako Topic museoan. Bi egun geroago, Oskarbi taldeak Irungo Amaia aretora eramango du ikuskizuna. Oskarbiren abestien artean, Jon Aizpurua , Euskadi Irratiko kazetari ohiak euskararen historiaren berri emango du, mendez mende, berak prestatutako gidoitik abiatuta.

Euskaraldiaren bihotzean jaioko den proiektutik haratago, 2026an 60 urte beteko dituen taldea disko berri baten prestaketan murgilduta dago. Erdiak grabatuta dituztenez, Tolosan zein Irunen, disko berriaren laginak eskainiko dituzte.

Joxe Luis Trekuk, taldearen sortzaileetako batek, Oskarbirekin jarraitzen du . “Euskararen historia idatziaren laburpena eskainiko dugu abestiaren bidez”, azaldu du Trekuk gure egunerokoarekin izandako solasaldian.

Euskarazko hitzak batzen

Kontakizuna erromatar garaiko lehen hitzekin hasiko da, hau da, hilarrietan idatzi ziren hitzekin. Ondoren, X. eta XI. mendeen inguruan Arabako Errioxan idatzitako San Millango glosetan pausatuko da ikuskizuna, Oskarbi konposatutako “ jçioqui dugu” eta “guec ajutu eç dugu” euskarazko bi esaldirekin.

Ibilbidearekin jarraituz, Garibaik XV. mendean bildutako Lasturko Milia bertsoa kantatzen hasiko da Oskarbi. Perutxoaren abestia La Celestinan jaso zen, 1539an argitaratua. Etxeparek ere bere tartea izango du errezitaldian, bere bi kanturekin.

Behin XX. mendea iritsita, Gerra Zibila izango da ildo nagusia. Lizardi bere aurrekoaren abestiren bat jo eta abestuko dute, eta ondoren euskal kantagintzaren “berpizkundean” jarriko dute begirada, 60ko hamarkadan, Oskarbi bera eta Ez Dok Amairu sortu zirenean . Garai horretako Gandiagaren bi poesia kantatuko dituzte, baita Joxean Artzeren beste bat ere. “Hori izango da euskararen historiaren laburpena”, dio Trekuk, eta segidan gaineratu du prestatzen ari diren albumeko pare bat abesti ere interpretatuko dituztela aurrerapen gisa.

Tolosako eta Irungo bi kontzertu horien ostean, udazken amaieran, Hondarribian, Oiartzunen eta Gasteizen aritzekotan dira, nahiz eta oraindik kontzertuak guztiz itxita ez dituzten.

Diska berria

“60 urtez hariari jarraitu dio Oskarbik, beti euskaraz kantatuz, kantu berriak sortuz eta euskal musika herrikoiko kantuak azaleratuz”, esan du Trekuk. Jatorrizko taldetik hiru kide baino ez daude aktibo: Iñaki Maritxalar, Maite Aizkorreta eta Treku bera . Beste lau kideak “oso gazteak” dira, “belaunaldi” berri baten erakusleiho; beraz, “erreleboa” dago Oskarbin.

Disko berriari dagokionez, sei pieza grabatu dituzte dagoeneko, baina ez dute argi zehazki zenbat egingo dituzten. Hamar kantu baino gehiagoko albuma izatea nahiko lukete, baina. Horien artean, eta Gipuzkoako milurtekoa ospatzen ari garela kontuan hartuta, gure herriari kanturen bat eskaintzeko ideia buruan dutela diote. Nolanahi ere, lan berriak ez du, oraingoz, izenbururik; hori ere iritsiko da.