El Pilar, Salburua, Hegoalde, Zabalgana eta Ibaiondo gizarte etxeetatik igaroko da maiatzaren 29tik irailaren 16ra
FotoArteren XX. edizioko lehiaketa fasea amaitu ondoren, gaur goizean aurkeztu da lehiaketaren programazio osagarria, doako bost jardueraz eta erakusketa ibiltari batez osatua. “FotoArte argazki lehiaketaren helburua, jarduera artistikoa islatzen duten irudiak saritzeaz gain, argazkilaritza herritarrei hurbiltzea eta arlo horretan sormena bultzatzea da”, adierazi zuen Sonia Díaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Erakusketa El Pilar, Salburua, Hegoalde, Zabalgana eta Ibaiondo gizarte-etxeetatik ibiliko da maiatzaren 29tik irailaren 16ra, baina programazioa zenbait egun lehenago abiatuko da. Zehazki, maiatzaren 26an, Arabako Argazkilari Elkartea FotoArterekin elkarlanean ari da Noelia Pérez Sándezen hitzaldi bat antolatuz, “Ni querubines ni artistas: el mito del genio y la invisibilización del trabajo colectivo en los talleres fotograficos del siglo XIX” izenburupean. Vital Fundazioaren gelan izango da hitzaldia, 19:00etan, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
Tailerra eta sari banaketa
Hurrengo egunean, Noelia Perezek tailer teoriko-praktikoa emango du, ‘Munduak eraikitzen dituzten argazkiak: fotokazetaritza eta irudiekin elkarrizketan aritzeko artea’ izenekoa. Argazkiek ikerketa antropologikoan ezkutuko memoriak eta esanahiak nola piztu ditzaketen jorratuko dute.
Maiatzaren 29an izango da sari banaketa ekitaldia, Dorleta Kortazarrek aurkeztuta, hau ere El Pilar Gizarte Etxean, arratsaldeko 19.00etan. Sarrera librea izango da lekuak bete arte. Erakusketa ibiltaria inauguratuko da, lehiaketako argazki irabazleek eta jasotako argazki guztien artean epaimahaiak hautatutako beste 27 argazkik osatua.
FotoArte 2025 erakusketa ibiltariak maiatzaren 29an hasiko du bere ibilbidea El Pilar Gizarte Etxean, eta bertan egongo da ekainaren 15era arte. Salburua gizarte etxera eramango dute ekainaren 16tik 29ra, eta ondoren Hegoaldekora ekainaren 30etik uztailaren 13ra. Uztailaren 14tik 30era Zabalgana Gizarte Etxean bisitatu ahal izango da, eta uztailaren 31tik abuztuaren 31ra Ibaiondo Gizarte Etxean. Azkenik, El Pilar Gizarte Etxera itzuliko da, eta han egongo da irailaren 1etik 16ra.
Arte eta Lanbide Eskolari omenaldia
Azken jarduera Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolak egingo du, FotoArteren edizio honetan protagonista izan dena. 250. urteurrena dela eta, lehiaketak eta Eskolak lankidetza bat ezarri dute, eta horrek hainbat mugarri ekarri ditu: lehiaketaren gaia “arteak eta lanbideak” izan da, irakasleek epaimahaian parte hartu dute, eta Tokiko Artista Saria irabazi duen pertsonak urtebeteko beka jaso du. Beka horri esker, zentro honetan trebatu ahal izango da.
Horrekin guztiarekin batera, programa osagarriaren bosgarren jarduera dago: ‘Argiarekin marrazten’ tailerra. Ekainaren 6an izango da, Peñafloridako kondearen plazan, 18:00etan, eta Koldo Mendazak eta Piko Zuluetak emango dute, Eskolako argazki- eta irudi-irakasleek. Proposamen sentsorial horretan, eskuz egingo da lana, materialak eskuz prozesatuz, argi gorriaren pean eta laborategiko usain bereizgarriekin. Parte hartzeko izena eman behar da.