17:00etan irekiko dituzte ateak, eta 21:00etan arituko da musikaria.
Bideo baten bidez, Fermin Muguruzak ekainaren 14an Anoetan eskainiko duen ikuskizunaren aurretik emango dituen kontzertuen ordutegi zehatzak iragarri zituen atzo, eta arratsalde-gau partea benetako festa bihurtuko dutela iragarri zuen. Jardunaldia, gainera, Oihana Barrena aizkolariak eta Sambou Diaby aktoreak aurkeztuko dute, Faisaien irla eta Miñan antzezlanaren protagonistak, hain zuzen ere.
17:00etan irekiko dituzte ateak. Arratsalde-gaueko soinu-banda Bad Sound System-en Selektah Stepiren reggae eta dancehall-arekin abiatuko da, Irungo Mosku auzoko Muguruza bezala.
Niña Coyote eta Chico Tornado
Ordubete geroago, Niña Coyote eta chico Tornado talde donostiarraren txanda izango da, eta Palestinatik datorren DAM taldea, berriz, 19:00etan igoko da futbol zelaiko oholtzara. Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako buruarekin elkar ezagutu zuten Checkpoint Rock dokumentalaren errodajean, 2009an Irungoa zuzendu zuena.
Des Kontrol eta gehiago…
Arratsaldeko zortzietan, Muguruza agertokitik atera baino ordubete lehenago, Des Kontrol talde arrasatearrak hartuko du gaualdiaren gidaritza. Ez du bakarrik egingo, beste hamar musikarik lagunduko diote: Lide Hernando (gitarra eta koruak), Miryam Matah (koruak), Víctor Navarrete (baxua), Gerard ‘Chalart 58’ (perkusioa eta duba), Xabi Solano (trikitixa), Jon Elizalde (tronboia), Aritz Lonbide (tronpeta bateria).