Cruising: gaur egungo joera berria

CRUISING HITZAK LEKU PUBLIKO JAKIN BATZUETAN PRAKTIKATZEN DIREN SEXU HARREMANEI EGITEN DIE AIPAMENA. DUELA GUTXI ARTE HOMOSEXUALEN ARTEKO PRAKTIKEI EGITEN ZION ERREFERENTZIA, BAINA GAUR EGUN HETEROSEXUALEN ARTEAN GERO ETA ZABALDUAGO DAGOEN JOERA DA

unai gandarias//
Leku jakin batera joatea, bertan dabilen jendeari begiratzea, keinu bat egitea, irribarre egitea, bi hitz elkarri esatea, edo bat ere ez, eta elkarrekin leku ezkuturen batera joatea, desioak egoeraren kontrola har dezan. Hori cruising egoera tipikoaren deskribapena izan daiteke,
jarraian aipatuko dugun praktika sexuala.

Orain dela gutxi arte gizon homosexualen ondare esklusiboko terminoa bazen ere, gaur egun heterosexualek gero eta gehiago erabiltzen dute beren esperientziak zabaltzeko. Heteroak edo LGBTIQ+ komunitateko kideak izan, noizean behin, bikote-harremanari erritmoa eman behar zaio errutinatik irteteko. Izan ere, mundu guztiari gustatzen zaio sexu-praktika berriak probatzea edo fantasiak betetzea.

ZEIN DA BERE JATORRIA?
Ekintza hau ohikoa zen Antzinako Erroman, bainu partekatuetan edo termetan. Baina cruising hitza, berez, 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970eko hasieran erabiltzen hasi zen, batez ere, gizon homosexualen arteko espazio publiko anonimoetako sexu-harremanak adierazteko, hala nola parkeetan, basoetan, hondartzetan, bainu publikoetan, geltokietan eta, oro har, leku bakartietan. Cruisinga, leku publikoetan egiten bada ere, sexu anonimoa da, normalean pribatua izaten dena.

Batzuek diote terminoa Estatu Batuetako Booze “n” Cruise tabernatik datorrela. Lekua ezaguna izan zen 1970eko hamarkadan, gay komunitatearen-tzako topalekua zelako. Beste batzuek, aldiz, holandar kruisen hitzarekin zerikusia duela diote. Hitz horren euskarazko baliokidea gurutze da, eta bikoteek elkatu aurretik gurutzatzen dituzten begiradei egiten die erreferentzia.

KANKANEOA ETA DOGGINGA
Cruisinga definitu ondoren, oso lotuta dauden beste bi termino daude. Lehenengoa kankaneoa da, eta ustekabeko bikote homosexualei zein heterosexualei aplikatzen zaie. Doggingak sexu-praktika anonimoarekin du zerikusia, baina soilik heterosexualen artean. Gainera, parte hartu gabe begiratzen duten voyeristak ere egon daitezke.

Cruisinga aire zabaleko lekuetan egiten da, eta ohikoenak hondartzak, parkeak eta aparkalekuak dira. Era berean, leku itxi publikoetan ere egin daiteke, hala nola merkataritza-guneetako komunetan, tabernetan, diskoteketan, gimnasioetan eta metro-geltokietan. Leku ezkutu batean egitea da kontua, erabat pribatua izan gabe. Hau da, hoteleko gela batera ez joatea.

70eko hamarkadan, gehienbat gizon homosexualek egiten zuten cruisinga. Izan ere, garai hartan gizartea ez zegoen orain bezain irekita, eta, praktika horren bidez, anonimotasuna eta diskrezioa oinarri hartuta, homosexualen komunitateak modu bat zuen bere behar sexualei askatasunez erantzuteko.
Gauzak asko aldatu dira, eta gizartea irekiagoa da sexu-orientazioei dagokienez. Era berean, aurrerapen teknologikoekin batera, pertsona berriekin harremanetan jartzeko aukera ere zabaldu da.

Gaur egun, cruisinga mundu birtualean hasi ohi da. Parte-hartzaileek webgune espezifikoetara, foroetara, sare sozialetara eta hitzorduen aplikazioetara jo-tzen dute (Tinder edo Grindr, adibidez). Eskualde bereko beste pertsona batzuk bilatzen dituzte, ustekabeko sexu-topaketa batean interesa dutenak, eta koordinatu egiten dira.

Izan ere, Saúde Publicoren Cadernos aldizkarian argitaratutako artikulu batek dioenez, Internetek berebiziko garrantzia du cruisingaren egungo praktikan. Sareek hedapen handiagoa ekarri zieten erabiltzaileei. Horregatik, gaur egun heterosexual gehiagok praktikatzen dute, eta fantasia sexuala bihurtu da.

Sexu praktika kasuala eta konpromisorik gabea izateko beste modu bat bada ere, arriskuak ere baditu. Anonimotasun eta klandestinitate beragatik, delituak gertatzeko lekua ere izan daiteke.

Horregatik, oso garrantzitsua da arduraz ibiltzea cruisingarekin ausartuko bazara. Topaketaren aurretik, kontuan hartu gomendio hauek:

  • Ikertu foroetan eta cruising webguneetan topaketa izango den lekua. Askotan, erabiltzaileek beren esperientziak partekatzen dituzte, eta gunea nahikoa segurua den jakin dezakezu.
  • Zoaz zure identifikazioarekin, mugikorrarekin, etxeko giltzekin eta gutxieneko diruarekin.
  • Deitu konfiantzazko norbaiti hitzordua non eta zer ordutan izango den esateko.
  • Paseatu inguruko eremutik, eremuarekin ohitu zaitezen. Begiratu ihesbideak.
  • Ez joan oso leku urrunetara.
  • Zerbait gustatzen ez bazaizu, gelditu eta joan zaitezke, ez baituzu geratzeko inolako betebeharrik.
  • Ez grabatu ekitaldia. Gogoan izan anonimotasuna dela gakoa.
  • Amaitzean, zikindu duzuna garbitu.