Nagore Martín, pilotaria: “Pilota oso dibertigarria da”

NAGORE MARTÍN 1994AN GASTEIZEN (ARABA) JAIOTAKO PELOTARIA DA. EUSKAL TITULUEZ GAIN, NAGORE ZAZPI ALDIZ IZAN DA ESPAINIAKO TXAPELDUN, BI URRE LORTU DITU EUROPAN ETA BI ALDIZ BRONTZEA MUNDU MAILAN TRINKETEKO MODALITATEAN. 2024AN ARGENTINAKO TRINKETEKO NAZIOEN LIGA IRABAZI ZUEN

Zeintzuk izan ziren zure hastapenak, eta zergatik argentinar paleta eta ez beste kirol bat?

Duela 16 urte hasi nintzen palan jokatzen. Garai hartan eskubaloian jokatzen nuen eta nire entrena-tzaileak, Txominek, anaia bat zeukan, Pilota klubeko presidentea, Julián. Txominek jakin zuenean frontenisen jokatzea ere asko gustatzen zitzaidala, egunen batean Juliánekin palan jokatzen saia-tzera animatu ninduen. Lehenengo bost urteak frontoi-modalitateari eskaini nizkion bereziki, eta behin, modalitate horretako txapelketa guztiak irabazita, gehiago hazteko eta munduko txapelketak joka-tzeko gogoa piztu zitzaidan.

Joan den urteko irailean Parisen jokatutako Nazioen Liga irabazi zenuen argentinar paletako modalitatean, Maider Ardanza nafarrarekin batera. Nolakoa izan zen esperientzia?

Amets bat izan zen. Trinkete munduan sartu nintzenetik, munduko txapeldun izatea zen nire helburuetako bat, eta iaz hori lortzea, Maider eta Anerekin batera, izugarrizko sentsazioa izan zen. Domina horren atzean ahalegin, irmotasun eta dedikazio handia dago.

Frantziako bikotea, Iturrino eta Argitxo, munduko selekzioko potenteenetariko bat, garaitu zenuten final handian. Espero al zenuten?

Onenetako baten etxean munduko txapelketa bat irabazita, bagenekien oso zaila zela. Baina egia da urteak daramatzagula entrenatzen, eta batez ere azken hau, uste dut hirurok domina horren bila ari ginela eta fisikoki zein teknikoki esfortzu handia egin genuela, eta noski hori lortzeko jarrerarekin joan ginen.

31 urterekin modalitate honetan lor daitekeen mailarik altuenera iritsi zara. Besterik falta zaizu?

Hain helburu handia lortzen duzunean, batzuetan zaila da berriro errepikatzea, baina aurten Nazioen Liga jokatzen ari da Mexikon, beste formatu batean, eskuz esku frontoian, eta hori da nire hurrengo helburua, eta, noski, berriro ere ahalegin bera egingo dut txapelketa hori irabazteko eta domina batekin itzultzen saiatzeko.

Epe luzera lehian jarraitzeko asmoa duzu? Alde horretatik, nola uztartzen dituzu lana eta kirola?

Zerbait nahi duzunean, lanarekin uztartu behar duzu. Ahalegin handia egin behar da dena bat etor dadin, lanegunetako entrenamenduen eta partiden ordutegiak lanarekin uztartu behar dira, baina oraingoz lehiatzen jarraitzeko gogoz nago, eta ahalegin handia egingo dut lana eta kirola bateratzeko.
2026an Argentinan jokatuko den trinketeko munduko txapelketan lehiatzeko asmoa duzu?
Aurtengo Nazioen Ligaren ostean, noski, datorren urtean Argentinan ospatuko den trinketeko munduko txapelketara ahalik eta egoera onenean heltzea izango da nire hurrengo helburua. Beti bezain koherente jarraitzen badut, ez dut uste arazorik izango dudanik helmugara iristeko eta berriro tituluari eusten saiatzeko.

Argentinan bizi, lan egin eta lehiatu izan zara azken urteetako sasoi ba-tzuetan. Nolakoa izan da esperientzia arlo profesionalean eta pertsonalean? Orain Gasteizen bizi zara, Argentinara itzultzeko asmorik duzu?

Denboraldi batez Argentinan bizi izan naiz nire bikotekidea hangoa delako. Oso gustura ibili naiz bertan, eta, kirol-ikuspegitik, zalantzarik gabe, horrek bultzatu nau jauzia ematera. Munduko jokalari onenekin jokatzeko aukera izan dut eta hango ligan ere lehiatzeko. Han dago munduko lehia-mailarik altuena, eta Argenian lortu dudan esperientziarik gabe, ez nuen uste pilotari gisa haziko nintzenik. Baina gaur hemen lan egonkorra daukat eta Gasteizen bizitzea gustatzen zait, beraz, ez dut alde egiteko asmorik.

Zure esanetan, irakasle eta suhiltzaile bokazioa duzu. Zer nahiago? Horietako zeinek egiten dizu ekarpen gehien?

Inoiz ez dut izan irakasle-lanetan aritzeko gogorik. Orain arte beti aritu izan naiz begirale-lanetan, umeekin zein helduekin lan egiten, eta asko gustatu zait. Hala ere, iaz tranbia-gidari izateko azterketak egin nituen, eta gaur horrela ari naiz lanean. Oraindik ez diot amore eman suhiltzaile izateko gogoari, duela egun batzuk teoria-azterketa gainditu eta orain azterketa fisikoa prestatzen ari naiz.

Elite mailan jokatuz, zure ustez, zure kirol diziplina profesionalizatu beharko litzateke eta, beste edozein lanbidetan bezala, ordainsari bat jaso?

Pilotan, aitortutako modalitate profesional bakarra pala luzea da. Gustatuko ote litzaidakeen? Dudarik gabe. Baina hori gertatzea hain da zaila, kontuan hartu ere ez dudala egiten.
Ez zait gustatzen oraindik existitzen ez diren gauzetan pen-tsatzea.

Zer aholku emango zenieke kirolean hasi nahi duten neskei? Etorkizun itxaropentsua dago? Pala argentinarra praktikatzeko gomendiorik?

Atzetik datozen neskak animatuko nituzke trinkete-munduan zentratzera. Pilota oso kirol dibertigarria izateaz gain, norberaren lurraldetik haratago ateak zabaltzen ditu, munduan zehar bidaiatu eta munduko domina bat irabazteko aukera izatea sentimendu ahaztezina da. Pazientzia izan; kirol konplexua da bere abiaduragatik eta dituen oztopo guztiengatik, baina pertsona koherentea bazara, orduak eman eta ahalegina eginez gero, esperientzia izugarriak bizi ditzakezu kirol honi esker.