NEKAZARIEN ZAHARTZEA, BATEZ ERE HERRIALDE GARATUETAN, KEZKA HANDIA DA. EUROPAN NEKAZARIEN HERENAK BAINO GEHIAGOK 65 URTE BAINO GEHIAGO DITU. LEHEN SEKTOREKO LANGILEEN BATEZ BESTEKO ADINA IGOTZEN ARI DA, ETA 40 URTETIK BEHERAKO NEKAZARIEN KOPURUA, BERRIZ, JAISTEN ARI DA
Euskal Autonomia Erkidegoan, tamaina txikiko ia 6.500 ustiategi daude nekazaritza-jardueretan. Isurialde atlantikoan, gehienek barazkiak, fruta-arbolak eta zuhaitz mistoak lantzen dituzte. Euskadiko hegoaldeko isurialdean, mahastizaintza da jarduera nagusia; gainerako lurraldeetan, berriz, zerealen, olio-landareen eta proteaginosoen labore estentsiboak nagusitzen dira, baita laborantza ureztatu berantiarrak ere. Abeltzaintzari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko ustiategien % 70ek abereak ditu eta abeltzaintza-jarduera da nagusi ustiategi guztien ia % 56an. Sektore zahartua da, belaunaldi-errelebo txikia du, eta kasu askotan jarduera osagarria baino ez da.
Nekazaritzaren sektorean belaunaldien arteko erreleborik eza leuntzeko, Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurraldeetako foru-aldundiek belaunaldien arteko erreleborako estrategia integral bat jarri dute abian, hogeita bost milioi euro baino gehiagokoa hurrengo hiru urteetarako, hamar urteko aldi baterako luzapenarekin. Erakundeek garatutako proiektu honen
helburua landa-ingurunearen jasangarritasunerako funtsezkoa den sektore bati jarraipena ematea da, landa-familietatik nahiz hiri-mundutik datozen 1.250 gazte, neska-mutilak, sartuz. Planaren ardatza dimentsio ekonomiko errentagarria duten Euskal Autonomia Erkidegoko 1.500 nekazaritza-ustiategi dira, eta ustiategi horien jabeak erretiratuta edo erretirotik gertu daude. Kalkuluen arabera, 750 inguruk ez dute errelebo identifikaturik, eta horrek arriskuan jartzen du epe labur eta ertainean jarraitzea. Ustiategi horiek dira jarduteko lehentasunezko gunea.
Proiektu hau esku hartzeko funtsezko zortzi arloren eta belaunaldi-ordezkapenean eragina duten faktoreei heltzen dieten 22 neurri zehatzen inguruan egituratzen da. Belaunaldien arteko erreleborako estrategia integral honen helburu nagusia gure ustiategiak bizirik mantentzea, landa-ingurunea dinamizatzea eta nekazari belaunaldi berri bati benetako aukerak eskaintzea da.
BOKAZIO BERRIAK
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arran-tzako sailburuak zehaztu duenez, “bost jarduera aipagarrienen artean daude bi sentsibilizazio-kanpaina abian jartzea, lehen sektoreak euskal ekonomian duen balio estrategikoa ikusarazteko eta nekazaritza-bokazio berriak erakartzeko; foru-aldundiek ustiategien bitartekaritza-bulegoak, erreleborik ez duten lagatzaileen eta sektorean sartu nahi duten gazteen arteko topagune izango direnak, sortzea; eta Gaztenek programa berrikustea eta indartzea, nekazari gazte berriak instalatzean eraginkortasuna hobetuz”.
Belaunaldien arteko erreleborako estrategia horrek honako jarduera hauek jarriko ditu abian hurrengo hilabeteetan: Nekazari Gazteen Estatutua aldatzea eta belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko laguntzen agindu espezifiko bat egitea. Gainera, maia-tzetik ekainera bitartean sentsibilizazio-kanpainaren lehen fasea abiaraziko da. Era berean, gida didaktiko bat egingo da gazteak nekazaritza-sektore horretara hurbiltzeko.
Estrategia horrekin, Jaurlaritzak eta foru-aldundiek berretsi egiten dute landa-garapeneko eredu iraunkor, inklusibo eta belaunaldien arteko baten aldeko konpromisoa. “Belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzea ez da sektorearen beharra soilik, baizik eta Herriak elikagaien segurtasunaren, lurralde-orekaren eta gure natura- eta kultura-ondarearen alde egindako apustua”.
“Lehen sektorea funtsezko zutabea da, eta estrategia instituzionala funtsezko tresna da hurrengo hamarkadan haren jarraipena eta dinamismoa bermatzeko. Europar Batasunaren zati handi batean hemen egiten dugunaren antzeko jarduerak hasiko dira”, amaitu du Amaia Barredok.

