Donostiako Koldo Mitxelenak 2026ko udazkenean irekiko du berriro

Koldo Mitxelenak 2026ko udaberrian amaituko ditu bere lanak eta urte horretako udazkenean irekiko du jendearentzat. Goizane Alvarez Kultura diputatuak eman du horren berri, prentsak astelehen honetan Kultur Etxeko obretara egindako bisita gidatuan. Bisita hori itzalaldi elektrikoak bereak egin baino minutu batzuk lehenago amaitu da. Alvarezek azaldu duenez, nahiz eta kultur zentroa eraberritzeko lanak urtebeteko epean amaituko diren, hilabete batzuk gehiago beharko dira baimenen kudeaketarekin amaitzeko eta orain Komikigune zaharraren, Errege Katolikoen, eta Oñatiko Artxiboaren artean sakabanatuta dauden liburutegi-funtsak eramateko.

Alvarezek gidatu du bisita, Patxi Presa zentroko zuzendariarekin, Yolanda Zorita arkitekto foralarekin eta Jovino Martínez obraren zuzendariarekin batera. Hasiera batean, XXI. mendeko beharretara egokitzeko eraikinaren erabateko birmoldaketa polemikoa imajinatu bazen ere, azkenean, anbizio gutxiagoko esku-hartzea gauzatzen ari da – hamar milioi euroko aurrekontua du –, irisgarritasuna, iraunkortasuna eta indarreko araudira egokitzea helburu dituena. Egiten diren hobekuntzen artean metro erabilgarriak handitzea dago. Aurretik zeuden 7.200 metro karratuei, obren ondoren, beste 620 gehituko zaizkie. Beste berrikuntzetako bat eraikinaren mugikortasuna egituratuko duten bi igogailu jartzea da. Igogailu horiek solairu guztietan geldituko dira, sotoko erakusketa-aretotik eraikinaren estalkiraino, eta, bertan, kristalezko “deanbulatorio” bat sortzea erraztuko da, Ganbarako espaziorako sarbide berri bat egiteko.