Euskal Autonomia Erkidegoko Musika Irakaskuntzen Aholku Batzordeak duela gutxi lantalde bat sortzea erabaki zuen, dantzako goi-mailako irakaskuntzetan Euskal Dantza espezialitatea sortzea proposatzeko, trikitixaren espezialitateak musika-irakaskuntzetan duen ildoari eta prozedurari jarraituz. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak idatziz eman zuen gaiaren berri, Naiara Fernandez EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galderari erantzunez.
Berezko titulua izateko bidean
Halaber, Pedrosak azaldu zuenez, talde honek “berehala” egingo du euskal dantzako goi mailako ikasketetarako curriculum proposamena. Testu hori eskuragarri dagoenean, Eusko Jaurlaritzak espezialitate hori sortzeko eskatuko dio Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioari. Horretarako, Estatuko Gobernuak 85/2007 Errege Dekretua aldatu beharko du proposamen hori sartzeko.
Lortutakoan, euskal dantza goi-mailako espezialitate gisa ezarri ahal izango da Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan, eta berezko titulu gisa garatu ahal izango da ikasketa profesionaletan.