EIO (Euskadiko Ikasleen Orkestra), 15 eta 19 urte bitarteko Kontserbatorio eta Musika Eskoletako ikasleek osatutako Euskadiko orkestra gazteak, eta Euskadiko Orkestrak, Pazko astean, lehen aldiz, hiru kontzertu eskainiko dituzte elkarrekin, euskal hiriburuetan.
Eusko Jaurlaritzak atzo azaldu zuenez, Hezkuntza Sailari atxikitako Euskadiko Ikasleen Orkestraren eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako Euskadiko Orkestraren baterako proiektu honen kontzertu nagusia Donostiako Kursaalean izango da apirilaren 25ean, 19:00etatik aurrera.
Agertokian 110 musikari baino gehiago egotea espero da, “oraina eta etorkizuna esperientzia paregabeko musikaren bidez uztartuko dituen kontzertu ikusgarria”, nabarmendu zuen Exekutiboak.
Bilbo eta Gasteizeko kontzertuak
Apirilaren 23an Bilboko J.C Arriaga Kontserbatorioan izango da kontzertua eta apirilaren 24an Gasteizko J. Guridi Kontserbatorioan, biak ere 19:00etan.
