Ekintzaileek 2.000 euro irabaz ditzakete Arin-arin lehiaketari esker

“Enpresarean” azoka Hernanin urriaren 22an ospatuko da.

UNAI GANDARIAS /2020-10-02/ Enpresarean azokaren baitan antolatuko den Arin-Arin lehiaketak 2.000 euroko dirulaguntza bat emango dio Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioarekin lotutako ekintzaileen proiektu edo ideia onenarei, Bai Euskarari elkarteak ostiral honertan jakinarazi duenez.

Hernaniko Orona Ideon egingo den Enpresarean azoka, urriaren 22an. Ekintzaileei zuzenduriko Arin-arin saioa izango da bertan, eta parte hartzaileek Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioarekin lotutako proiektuak edo ideiak azaldu beharko dituzte, hiru minutuan, arin eta labur.

Bada, Bai Euskarari Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osaturiko epaimahaiak parte hartzaileen aurkezpenak baloratu eta irabazle bat hautatuko du, ekimena gauzatzeko 2.000 euroko laguntza eskainiz.

Parte hartzaileek ondorengo baldintza hauek bete beharko dituzte: Garapen Iraunkorreko Helburuekin lotura duten proiektuak izatea; egitasmo berritzaileak izatea; Gipuzkoan aurrera eraman ahal izatea, eta euskaraz aurkeztea eta proiektuaren buruzko informazioa gutxienez euskaraz izatea (web orria, euskarriak, sare sozialak).

Arin-arin saioan parte hartu nahi duenak galdetegi bat bete beharko du, urriaren 11 baino lehen: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScA9u5GL9bcUdX9BMBq…. 2018ko edizioan ‘Zocco Handmade’ proiektua izan zen Arin-arin ekintzaileen lehiaketaren irabazlea.