SINESTEZINA BADIRUDI ERE, GERO ETA MUTIL GEHIAGOK UKO EGITEN DIOTE PRESERBATIBOA ERABILTZEARI, PLAZERA KENDU, MINA EMAN EDO ALERGIA ERAGITEN DIELA ARGUDIATUZ. BAINA KONDOIA DA METODO FIDAGARRI BAKARRA ZURE BIKOTEKIDEAREN SEXU OSASUNA ONDO EZAGU-TZEN EZ DUZUNEAN
Joan den mendeko azken bi hamarkadetan eta mende honetako lehenengo bietan, euskal osasun-erakundeek gizonezkoen kondoiaren edo preserbatiboaren erabilerari buruzko informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina handiak egin dituzte. Kanpaina haiek latexezko poltsa txiki horren ontasunak goraipatzen zizkiguten. Bi alderditatik da funtsezkoa kondoia: ondo erabilita, nahi ez diren haurdunaldiak eragozten ditu eta gure bikotekideari eragin diezaiokeen sexu-transmisioko infekzio orotatik babesten gaitu.
Urteetan zehar, nerabe eta gazteak jabetu ziren oso garrantzitsua zela edozein kutsatze prebenitzea, eta, nahiz eta beti egon ziren aurka agertu zirenak, kondoiaren erabilera onartu eta orokortu egin zen.
Hala ere, azken hamarkadan, eta batez ere azken 5 urteotan, gero eta bikote gehiagok uko egiten diote txapela edo kondoia erabiltzeari, eta askotan ohartarazi dizkiguten arriskuen eraginpean daude: sexu-transmisiozko infekzio beldurgarriak.
Adituek jarrera arriskutsu horiek azaltzen dituzten hainbat arrazoi aipatu dituzte. Nagusia HIESari lotuta omen dago. Izan ere, birus horrek izua piztu zuen joan den mendeko 80ko hamarkadan, eta heriotza asko eragin zituen babesik gabe sexua zuten pertsona promiskuoen artean.
Gaixotasun kroniko bihurtu zuten HIESaren aurkako tratamendu eraginkorrak garatu ondoren, balizko kutsatze baten beldurra galdu zen. Horri gehitu behar zaio nerabe eta gazteen izaera errebeldea, adin horietan arriskuaren pertzepzio txikia eta sare sozialen eta Interneten eragina, pornografia oso oldarkorra erakustsiz, non inolako babesik gabeko penetrazio-harreman sexualak lehenesten diren. Horrela, kondoiaren erabilera “koldarrena” da mutilen artean, eta neska batek kondoirik gabe penetratua izatea onartzen ez badu, frigida eta estu hutsa da, joera berri horien arabera.
PLAZERA KENTZEN DU?
Zintzoak izan behar dugu, egin dezakegun gauzarik okerrena gezurra esatea baita. Preserbatiboen fabrikatzaileek diote kondoiak ez duela sentsibilitaterik murrizten… Baina hori ez da egia. Preserbatiboak glandearen nerbio-amaieren eta baginaren arteko kontaktu zuzena ezabatzen du, eta, beraz, sentikortasuna pixka bat gutxitzen du. Hala dio Eduardo Rovere urologoak.
Hala ere, sentsibilitate-galera txiki hori ez da hain garrantzitsua kitzikatzen gaituen eta zakilaz gain gure gorputzeko beste atal batzuek parte hartzen duten sexu-harreman batean murgilduta gaudenean. Urologoak berak adierazten duen bezala, kondoiaren erabilerak dakartzan onurak eragin ditzakeen eragozpen txikiak baino askoz handiagoak dira. Beraz, ausarkeria da sexu-harremanak penetrazioarekin izatea preserbatiborik erabili gabe, batez ere, gure harremanetan promiskuoak bagara eta ez badugu bikote egonkorrik, edo, bikotekide egonkorra izanda ere, hirugarrenekin sexu-harremanak baditugu.
Horrela, mutilek kondoiaren erabilerara ohitu behar dute, hori baita edozein infekzio saihesteko modu bakarra; izan ere, sexu-transmisiozko infekzio bat askoz ere konplikatuagoa eta sendatzen zailagoa izan daiteke gripea baino, zurrumurruek diotena gorabehera.
Gaur egun, merkatuak tamaina desberdinetako preserbatiboak eskaintzen dizkigu, zakil guztiak ez direlako berdinak, eta tamainak garrantzia du. Preserbatibo eredu batzuk oso finak dira, eta hain sentikortasun handia dutenez, erabiltzera ohitzen garenean ez dugu haien presentziarik nabarituko.
Mutilak preserbatiboak erabiltzen ohitzen joan daitezke, haiekin masturbatuz, eta baginako penetrazio baten sentsazioak ahalik eta gehien simulatzen saiatuz, zakilari edo glandeari presio handirik eragin gabe. Preserbatiboarekin praktikatzean, bere gorputza haren erabilerara ohituko da, eta sexu-harremanak izatera doanean, guztiz integratuta egongo da.
Ez du kondoiaren presentzia nabarituko, eta, beraz, ez du bere estimulazioan eraginik izango.
Mutil batzuentzat, preserbatiboak eragiten duen plazeraren murrizketa arazo psikologiko hutsa da. Halakoetan, garrantzitsua da kondoiak babes-hesi gisa betetzen duen eginkizunaz jabetzea, kondoiaren erabilera gure sexu-bizitzan ezinbesteko elementu gisa integratzen joateko.
Hala eta guztiz ere, gure bikotekideak behin eta berriz babesik gabeko sexu-harremanak eskatzen badizkigu, eta lehen esan dugun bezala, ez badugu pertsona horren sexu-osasuna ondo ezagutzen, egokiena uko egitea da, bere jarrera arduragabea dela eta arrisku handiak erakar ditzakeela ikusaraziz. Baina dena emeki-emeki eta arrazoituz esan behar diogu, bere akatsa uler dezan. Aukera badugu, mutil hori konbentzitzen saia gaitezke preserbatiboa erabil dezan. Baliteke oso seguru ez sentitzea, kontrakoa adierazi arren, eta hitz atsegin batzuek bere beldurrak gainditzen lagun diezaiokete.